Txikizioak beste behin ere Mintxetako igerilekuetan

elgoibarren.net 2009ko uzt. 16a, 12:04

 
Alprojen jomuga izan dira beste behin Mintxetako igerilekuak. Orain dela urte batzuk Zuhaitz Egunean landatu zituzten bi zuhaitz txikitu dituzte (ikus ondoko argazkiak). Honakoa ez da, tamalez, Mintxetako igerilekuak kaltetzen dituzten estreinako aldia izan.

 


 Orain hilabete eskas, aire libreko igerilekuen denboraldia hasi zen egunean, gazte talde batek igerilekuetako aldagelak kaltetu zituzten. Kalteen egileak zeintzuk izan ziren identifikatzeko aukera izan zuten Kirol Patronatuko arduradunek, eta hilabete batetarako sarrera debekatu zieten zigor moduan. Duela bi urte ere apurketak egin zituzten aldagela horietan bertan.
 
Gurasoen arduragabekeria
 Oraingo honetan igerileku ondoan dagoen zelaian dauden bi zuhaitzek jasan dituzte kalteak, enborreko azalik gabe laga dituzte. Honetaz gain, umeek hartu duten ohitura arriskutsuaz ohartarazi nahi ditu Kirol Patronatuak gurasoak. “Umeak jolasean inguruko harriak hara eta hona jaurtiz aritzen dira eta jolas tokiaren ondoan dagoen bidea harriz beteta lagatzen dute. Hori guztia gurasoen begien aurrean egiten dute, txintik ere esan gabe. Bidea harriz betetzen bada arriskutsua da ume txikienentzat, hortaz, horrelako jokaerak moztu beharko lituzkete gurasoek ikusi orduko”.