Beroarengandik ihesi sekula baino jende gehiago igerilekuetan

elgoibarren.net 2009ko uzt. 22a, 14:14

Klaratarren komentuko termometroak 38,5ºCko tenperatura neurtu zuen atzo eguerdian, urteko egunik beroenean. Bero sargoriari aurre egiteko, sekula baino jende gehiagok hartu zuen bainua Mintxetako igerilekuetan. Iazko markarik onena (1.810 erabiltzaile 2008ko uztailaren 10ean) hautsiz, 2.000 lagunetik gora batu ziren Mintxetako igerilekuen bueltan. Joan zen asteko eguazten eta eguenean ere antzerako erabiltzaile kopuruak eduki zituzten.

 

Orain dela gutxi inauguratu zuten txiringitoa.

 Mintxetako Aire Libreko erabiltzaileen kopurua inoiz baino handiagoa izaten ari da aurten. Kirol Patronatuko arduradunen berbetan: “Aurten erabiltzaile gehiago ditugu. Krisiaren eraginez beharbada edo jendea ez delako lehen beste mugitzen edo oporretara joaten; edo, agian, instalazioak gero eta erakargarriagoak direlako: txiringito berria, aldagelak, belar guneko porteriak, bolei sarea, padel pistak eta abar”. Kontua da gero eta elgoibartar gehiagok aukeratzen dituztela igerilekuak euren aisialdirako, edo, atzo moduan, bero itzelari aurre egiteko erremedio moduan.
 Atzo eguerdian 39ºCren bueltan ibili ziren termometroak baina orain bi aste ere 35ºCra ailegatu zirela jakinarazi du Maria Jesus Azpiazu, metereologia kontuetan aditu eta zaletua den klaratarren komentuko ama nagusiak.