Idotorbeko lokala eraikitzeko esleipenerako baldintzak dagoeneko argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eraikuntza lan honetarako 248.000 eurotako diru-laguntza jasoko du Udalak Eusko Jaurlaritzaren Erein eta Feader egitasmoen bidez, eta horretaz gain, Diputazioko Nekazal Garapenerako sailetik ere 72.000 euro jasoko ditu.
Idotorbeko lokal berriak izango dituen ezaugarriei buruz, “auzotarrek bilerak egiteko gela bat izango dute, lokal sozial gisa erabiltzeko beste gela bat, eta hirugarren gela bat, adinekoei arreta berezia eskaintzeko, eguneko zentro moduko bat” Alfredo Etxeberria alkatearen berbetan.
•San Antolineko lokala
San Antolinen dagoen lokala berritu eta auzotarrentzako lokal sozial gisa erabiltzeko proiektuak ere aurrera darrai. Amaro Eraikuntza enpresari esleitu zaio lokala berritzeko egitasmoa, eta 85.000 eurotako inbertsioa izango da. Udalak aurrekontuaren %60 jarriko du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak %40.