Jaiek 19.000 euro gutxiagoko aurrekontua edukiko dute aurten

elgoibarren.net 2009ko uzt. 25a, 14:01

{vimeo}5727758{/vimeo}2009ko San Bartolome Jaiek 214.000 euroko aurrekontua edukiko dute, iazkoak baino 19.000 euro gutxiago, alegia. Halere, Udalak prestatutako egitarauan ez da festarako abagunerik faltako. (2008ko irudi esanguratsuenekin osatutako bideoa eta 2009ko egitaraua dauka)


Jarduera aipagarrienak
 Udaleko arduradunek prentsaurrekoan jakinarazi zituzten aurtengo San Bartolome Jaietako ekintzarik aipagarrienak eta berritzaileenak izango direnak.
  • San Bartolome Bezpera Egunean (abuztuak 23) Aurrez jakinarazi zuten moduan Pilar Ikastetxeak edukiko du jaiei hasiera ofiziala emango dien txupinazoa botatzeko ardura eta ohorea. Bezpera egunean bertan, Nueva Alaska orkestrak Plaza Handian eskainiko duen kontzertua ere nabarmendu zuen Iñigo Cearsolo Kultura zinegotziak. “Badakigu gisa honetako orkestrek arrakasta itzela dutela beste herri batzuetan; ea gurean ere horrela izaten den”.
  • San Bartolome Egunean, ohiko ekintzetaz aparte, iaz estreinatu zituzten bi ekintza azpimarratu behar dira, biak berriz ikusteko aukera izango baita. Batetik, zaldien dantza ikuskizuna Plaza Txikian, eta, bestetik, su, argi eta musika ikuskizuna San Bartolome parrokian. Biek ere harrera ona izan zuten iaz. Aukeran dantza taldeak eskainiko duen Aukeran 10 urte ikuskizuna ere ezin da ahantzi.
  • Txiki Egunari dagokionez, errekortatzaileek zezen eta betizu enbolatuekin eskainiko duten erakustaldia egingo dute hirugarren urtez jarraian. “Bistakoa da indarra hartzen joan den ekintza dela eta are gehiago indartu nahi genuke”.
  • Umeen Egunean Plaza Handian egingo den Euskodance 2009 jaialdia izango da berrikuntza nagusia. Jubilatuen Egunean, aldiz, Hegaluze dastatzea egingo dute hirugarrenez eta Agility txakur erakustaldia Plaza Txikian. 
  • Gazteen Egunean goitibeherak izango dira protagonistak San Rokeko aldapetan, baina aurten ez da kartik etorriko. Zuhaitz aisialdi taldeak antolatzen ditu goitibeherak, baina baita futbol partiduak zezen enbolatuekin ere, oso erroturik dagoen beste ekintza bat, alegia. Aurten, gainera, nesken koadrilentzako bi sari berezi egongo dira 200 eta 180 eurokoak, hurrenez hurren. 100 euroko sari berezia kirol-legerik handiena, umorerik onena, eta janzkerarik ikusgarriena duen taldearentzat. Japonia aldetik datorren Brahman eta Kauta rock talde euskaldunak eskainitako kontzertuak girotuko du Gazte Eguneko gaua. 
  • Baserritarren egunean, Limusin ganadu lehiaketa eta XXVIII. Gazta Lehiaketa izango dira, beste behin, protagonista nagusietako bi. Bestalde, iaz hasitako bideari jarraituz Elgoibarko kale kantariek euskal abesti herrikoiekin alaituko dute giroa eta gauean DJ gauak hartuko du kale kantarien lekukoa Madalan, eta Plaza Handian Golden Apple Quartet talde ezagunak.
 Egunean eguneko ekintza guztietaz gain, arratsaldero kaleak musikaz alaitzea izan zen iaz, eta baita aurten ere, antolatzaileen helburua eta “ahalegin berezia” egin dute. Barrakak ekartzeko ere ahalegin handia egin dutela adierazi du Cearsolok. Barrakak Leku Ederren eta Plaza Txikian kokatuko dira. “Etorri behar diren barrakak oraindik ez daude denak zehaztuta, baina iazko ildo berbera jarraituko dugu, hau da, ohe elastikoak, txiki parkea, autotxokeak, tiro-pitxoia eta igela”.