Ibaira erori zen bigantxa omenduko dute

elgoibarren.net 2009ko ira. 4a, 15:01

 
Joan berri diren jaietako protagonista nagusienetako bat izan da, berak hala nahi izango ez bazuen ere. “Gorri” zuen izena eta 11 urte inguruko bigantxa zen. Gazteen Eguneko sokamuturrean zebilela Txankakua zubitik bederatzi metro inguruko jauzia egin eta Deba ibaian geratu zen larri zaurituta.



 Bizkar hezurra hautsita zuenez, garabiaren laguntzaz atera behar izan zuten ibaitik. Zaurien larritasuna zela-eta aberea sakrifikatu beste erremediorik ez zuten eduki jabeek. Bigantxaren patu petralak erabat atsekabetu zituen soka-mutil eta sokamutur zaleak, oro har, adierazi du Agustin Mugerza, Arno zezenetako ugazabak. Hortaz, “Gorri” bigantxaren omenez afari bat antolatu behar zutela bururatu zitzaien eta jarri dute eguna: urriaren 2an izango da “Gorri”ren omenezko afaria Sigma jatetxean. Sokamuturran ateratzen zuten hirugarren aldia zela azaldu du Mugerzak “estimu handia genion, gainera, gurean bikiak eduki zituen bigantxa bakarra izan baita”. 

 “Sokamuturra zale eta herritar guztiei zabalduta dago afarian parte hartzeko gonbitea” azaldu du Agustin Mugerza abeltzainak. Afarian zezen okela izango da plater nagusia. Afarira joan nahi dutenek Sigma jatetxera deituz eman dezakete izena. Afariaren prezioa 25 eurokoa izango da.
 
BIDEOA: Sokamuturren bideo honen amaieran ikus daiteke nola atera zuten Gorri bigantxa Deba ibaitik.{vimeo}6357311{/vimeo}