Mausitxak irabazi du Gipuzkoako 25. Ardi Gazta Lehiaketa

elgoibarren.net 2009ko ira. 8a, 13:11

 
Gipuzkoako Gazta Lehiaketa irabazi du Mausitxa gaztandegiak bigarren aldiz -2007koa ere irabazi zuen-, domekan, Legazpin egin zen txapelketan; Gipuzkoako Artzain Egunerako antolatutako ekintzen barruan. Une ezin hobean iritsi da garaipen hau, izan ere, eguaztenean (irailak 9), gazta txapelketarik prestigiotsuena egingo da: Ordiziako Gazta Lehiaketa. Mausitxako gazta, -aurrez birritan irabazi du- txapela eskuratzeko faborito argienetakoa da.




1706640169420 Mausitxak irabazi du Gipuzkoako 25. Ardi Gazta Lehiaketa

 Olaberriako Aizpea gaztandegia gainditu zuen Mausitxak aurkeztutako gaztak Legazpian: San Bartolome jaietan, Baserritarren Eguneko azken Gazta Lehiaketan, lehen saria irabazi zuen gaztandegia, hain zuzen ere. Bi gaztandegi horiek dira, hain justu, Ordiziako Gazta Lehiaketa famatua irabazteko faborito nagusienak, aditu askoren iritziz. Elgoibartarrentzat hirugarren saria litzateke, 2005eko eta 2007ko edizioak irabazi zituen-eta.

 Lehiaketen denboraldia gorabeheratsua izan dela azaldu du Jesus Ansolak. “indartsu hasi ginen Barbastroko lehiaketan bigarren postu bat eginez. Ondorengo lehiaketetan, baina, ez genuen aparteko posturik eskuratu, harik eta azken txanpan Plentzia eta etxeko lehiaketan, abuztuaren 27an Elgoibarren egindakoan, bigarren postu bi egin genituen arte”.
 Legazpiko txapelketara otsailean eginiko gazta bat aurkeztu dute ansolatarrek eta epaimahaiaren iritziz –Abel Barriola pilotaria euren artean- Mausitxako gazta izan zen aurkeztu ziren 32 gaztetatik hoberena. Ehunka lagun batu ziren Legazpin Gipuzkoako Artzain Eguna bertatik-bertara jarraitzeko.