Hirugarren postua Martinezentzat Espainiako arku tiratze txapelketan

elgoibarren.net 2009ko ira. 9a, 09:26

 
Kirol berezia praktikatzen du Jaime Martinezek: arku tiratzea. Gutxik ezagutzen dute, eta, haatik beharbada, gutxik praktikatu. La Vall d´Uixón (Castello de la Plana) jokatu den Espainiako Txapelketan lortu duen brontzezko dominak, halere, meritu itzela dauka. Liga Nazionalean ere hirugarren postuan amaitu du denboraldia elgoibartarrak, iaz baino postu bat atzerago, baina lehenengo postuetatik oso hurbil.


  Valentziako lurretan jokatu den Espainiako txapelketa gogorra izan dela aitortu du Martinezek, “bero sargoria egiten zuen, 30 gradutik gora. Ito beharrean ibili ginen”. Eta txapelketa jokatu zen eremuak ere ez zuen asko laguntzen: “harri asko zeuden eta astuna egiten zen diana batetik bestera egin beharreko bidea”.

1706640164090 Hirugarren postua Martinezentzat Espainiako arku tiratze txapelketan

1706640164125 Hirugarren postua Martinezentzat Espainiako arku tiratze txapelketan

Barixaku arratsaldean, zapatuan egun osoan eta domeka goizean jokatu zen Espainiako Txapelketa, eta arku mekanikoan lehiatu zen Martinez. Modalitate honetan animali itxura duten dianetara bota behar dituzte geziak parte hartzaileek mendi ibilbide prestatu bat burutzen duten bitartean, eta txapelketa honetan 80 diana ezberdin tirokatu behar izan zituzten. Azken bi dianetara laugarrenarekin berdinduta iritsi zen Martinez eta azken txanpan erakutsitako punteria hobeari esker hirugarren postua berarentzat izan zen azkenean. Emaitzarekin eta, batez ere, txapelketa guztian lehiakideen artean bizitako “giro paregabearekin” dago gustura arkulari elgoibartarra.

 Espainiako Arku Txapelketan 180 arkularik parte hartu zuten; horietatik 15 Martinenez modalitate berean aritu ziren: “Katalanak 11, bi euskaldun, napar bat, madrildar bat eta murtziar bat”. Bistakoa da, beste hainbat kirolekin gertatzen den moduan, kirol honek Katalunia aldean duen indarra. Jatorrietaz ari garela, euskal ordezkaritza leku onean laga izanaz ere harro dago Martinez. EAEko bi ordezkariek lorturiko emaitzak Euskal federazioarentzat oso onak direla uste du: "Kantitatez gutxi baina kalitatezko emaitzak dira” laburbiltzen du.

 Denboraldia amaitu berri balantzea egiteko ordua da orain eta azaroan hasiko den denboraldi berria prestatzen hastekoa. Aurtengoa hobetu, edo gutxienez, berdintzea izango da Jaime Martinezen erronka nagusia, baina beste erronka bat ere badu: finantzazioa. Material, entrenamendu eta bidaietan dirua joaten zaiola dio eta jasotzen dituzten subentzioak “ez dira inondik ere nahikoa”.