'Bocanada'ren rock kontzertuak girotuko du Motorren III. Kontzentrazioa

elgoibarren.net 2009ko ira. 10a, 10:08

 
Aurreko bi urteetako arrakastaren itzalean egingo da Motorren III. Kontzentrazioa, irailaren 26an eta 27an. Motorren kontzentrazioaz gainera, -iaz 327 motor batu ziren Plaza Handian- erakustaldiak eta rock kontzertu bat ere prestatu ditu Skull´s Riders motorzale talde elgoibartarrak.



Plaza Handian 327 motor batu ziren.

 Motorrak berotzen hasteko, irailaren 26an, barixakuan, bi gidarik abilezia erakustaldia eskainiko dute bi scooteren gainean. Plaza Txikian izango da, 19:45etik 20:30era. Gauean, berriz, 23:30ean, rock kontzertua emango du Berriozarreko (Nafarroa) Bocanada taldeak. Goizaldera arte luzatuko da gaua gero disko jartzaile baten laguntzaz. Gaua bertan pasa nahi duten kanpoko motorzaleentzat lo egiteko lekuak ere prestatu dituzte antolakuntzako kideek estreinakoz. Ikastolako frontoian egingo diete lo egiteko eta motorrak lagatzeko lekua.


Makina ikusgarriak ikusteko aukera izan zen iazko motor kontzentrazioan.

 Motorren kontzentrazioa irailaren 27an, zapatuan, izango da. Goizeko 9:00etatik 11:00ak bitartean hamarretakoa eginez hasiko dute eguna motorzaleek. Ondoren motoetara igo eta ibilbide bat egingo dute inguruetatik eta herritik zehar. Plaza Handian amaituko dute ibilaldia eta bertan lagako dituzte motor guztiak herritarrek gertutik ikus ahal ditzaten. Arratsaldeko 14:30ak arte egongo dira motorrak Plaza Handian. Parte hartzaileak bazkaltzera joango dira gero Sigma jatetxera eta arratsaldeko 18:00etan emango zaio amaiera motor jaiari.