Zaletuen aurrean aurkeztuko da Concepto-Createch areto futbol taldea

elgoibarren.net 2009ko ira. 10a, 12:21

 
Zapatuan (17:00etan) Olaizaga kiroldegian jokatuko den hiruko torneoan aurkeztuko da zaletuen aurrean Concepto-Createch areto futbol taldea. Urretxuko Goierri eta Atletico Aretxabaleta taldeen aurka neurtuko dituzte indarrak elgoibartarrek.
Bestalde, jubenil mailako taldea osatzeko deialdia egin du CD Debabarrena Elgoibar-Eibar klubak.

 


Hector Garrido jokalaria.

 Azken urteetan Kenci moduan ezagutu dugun taldea, babesle aldaketaren ondorioz, Concepto-Createch izango da aurrerantzean. Nazional B mailan arituko dira aurki hasiko den denboraldian, eta Nazional A mailara igotzea izango da taldearen helburu nagusia. Horretarako hainbat fitxaketa egin ditu taldeak: Valen eta Ion Cejuela Sasiko taldetik iritsi dira eta Ion Yarza eta Juan Maria Vañes, Ceramicas Nogales taldetik. Andoni Saldias, berriz, Laskorain taldean aritu zen iaz. Taldean jarraitzen duten jokalariak honako hauek dira: Ekaitz eta Aitor (atezainak), Alkorta, Txirol, Julen, Hector, Alex De La Vega, Alex Alonso, Mikel Garrido, Ander Garrido eta Emmanuel. Rubio, lehen entrenatzailea, eta Plasti, bigarrengoa, arduratuko dira 17 kidez osatutako plantila igoeraren bidean gidatzeaz. Asmo horretan, aurrekontua handitu eta zuzendaritza taldea berritu ditu klubak.

 CD Debabarrena Elgoibar-Eibar klubeko talde nagusia da Concepto-Createch, baina talde gehiago ere baditu klubak behe mailetan. Lehen taldea jokalariz hornitzeko erantzukizuna edukiko du, esaterako, Mikel Leon elgoibartarrak entrenatuko duen Asador Azitain taldeak.Adei, Oier, Meko, Borja, Agirre, Imanol, Iosu, Ivan, Prol, Pablo, Mateo, Jakob eta Erik jokalariek daukaren onena eman eta goiko taldean jokatzeko moduan daudela erakutsi beharko dute.

Jubenilen taldea osatzeko deialdia
Jubenil taldeak gaztetxoen artean areto futbola sustatzeko helburua edukiko du. Hala, CD Debabarrena Elgoibar-Eibar klubak taldea osatzeko deia egiten die 1991 eta 1994 urte bitartean jaiotako gazteei. Interesatuek bihar, barixakua (irailak 11) dute hitzordua Eibarko Unibertsitate Laboralean egingo den entrenamenduan. Arratsaldeko 17:30etik 19:00etara izango da eta beharrezkoa izango da kirol arropekin bertaratzea.

Lotura duten albisteak: