Kiribilka programak seigarren urtea beteko du aurten, baina helburuak hasierako berak izango dira: 2 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten Elgoibarko familietan euskararekiko jarrera positiboak bultzatzea eta euskal giroa sustatzea. Udaberrian hasitakoari eutsiz, animaliak izango dira aurtengo gaia, eta haiek lagunduta, jolas, dantza, eta eskulanak egiteko sei saio izango dira barixaku arratsaldeetan Elgoibarko Plaza Handian, 17:30etik 18:30ak bitartean. Irailaren 11n, 18an eta 25ean eta urriaren 2an, 9an eta 16an izango dira saioak. Saioak dinamizatzen, Kiribil barraskilo erraldoia eta lau kiribiltxo ariko dira. Bestetik, irailaren 25erako kultur ikuskizun bat ere antolatu dute: Txorro Morroren Luma Gorri ikuskizuna. Plaza Handian izango da hori, 17:30ean.
•Gaztelekuko festa
Dj eta Break dance ikuskizuna prestatu du Gaztelekuak zapatu honetarako (irailak 12). Arratsaldeko 18:00etan hasiko da jaialdia Madalako parkean. Dj eta Break dantzariek daukaten dena emango dute ikusleen gozamenerako.