Hiruko torneoa irabazi eta itxura ona eman du Concepto-Createch taldeak

elgoibarren.net 2009ko ira. 14a, 09:13

 
Itxura ona eskaini du Concepto-Createch talde berrituak zaletuen aurrean egin duen lehen agerraldian. Olaizaga Kiroldegian jokatutako hiruko torneoa irabazi du Nazional B mailan arituko den areto futbol talde elgoibartarrak.

 


Hiruko Torneoko emaitzak:
  • Concepto-Createch 4 – Goierri 1
  • Goierri 0 – At. Aretxabaleta 6
  • At. Aretxabaleta 0 - Concepto-Createch 1

Aspaldiko lagunak elkarren aurka.

 Lehen bi partidetan egon ez zen lehia ikusi ahal izan zen hirugarren partidan. Baloiaren jabetzaren alde borroka egin zuten bi taldeek, nor baino nor, eta ahalik eta baloi gutxien galtzea izan zen bi entrenatzaileen agindua. Joko txukuna eta oreka izan zen ondorioa, entrenatzaileek gustukoak dituzten partida horietakoa, alegia, taldearen lehiakortasun mailaren berri ematen baitute. Are garrantzitsuagoa denboraldi berri bat hastear dagoenean. Talde biek bost falta eginak zeuzkatenean, elgoibartarren aldeko penalti bikoitz bat sare barruan sartu zuen Alex jokalariak eta nahikoa izan zen partida eta torneoa eskuratzeko. Azken segundoetan partida berdintzeko aukera eduki zuten Aretxabaletakoek, penalti bikoitz bati esker, baina Ekaitz Insausti atezainak penaltiak gelditzen abilezia berezia duela erakutsi zuen beste behin.

1706640155647 Hiruko torneoa irabazi eta itxura ona eman du Concepto-Createch taldeak

 
 Txapelketa giro onean eta kirol legez jokatu izana nabarmendu dute antolatzaileek. Aurrez elkarrekin jokatutako jokalari askok elkarren aurka lehiatzeko aukera eduki izanak zerikusirik izan du bizitako giro onean.