Sansongua baserriko hiru zaldi eta poni bat, “hotzanak eta esanekoak” aritu ziren domeka goizean zaldi ibilaldiak eskainiz, etenik gabe hiru ordutan. Ibilaldi laburrak izan ziren, zazpi minutu ingurukoak, Altzola auzoan alderik alde zeharkatuz. Umeak izan ziren nagusi baina helduak ere ausartu ziren zaldi gainean ibiltzera. Askorentzat zaldi baten gainera igotzen ziren estreinako aldia zen, baina errepikatzeko gogoa adierazi zuten amaieran. Zubibai elkartekoak gustura geratu ziren estreinako esperientziarekin. “Jendeak primeran pasatu du eta berriz ere horrelakoak antolatzeko eskatu digute. Hurrengo urtean izan beharko du” azaldu dute Zubibaiko arduradunek.
Aire libreko zinearen emanaldiek izan duten harrerarekin ere oso gustura daude Zubibaikoak, eta dagoeneko hasi dira datorren urtekoa prestatzen. “Badauzkagu ideia batzuk. Gau bakoitzean genero ezberdin batetako filmak eskaintzearena, esaterako”.
•ARGAZKIAK: