“Erreminta makinen museoak irekitako bideari jarraitu nahi diogu, alegia, gure ondarea berreskuratu eta ikusgai jarri” adierazi du Alfredo Etxeberria alkateak. Zentral elektrikoaren barruan dagoen turbina hidraulikoa “altxor txiki bat” dela azaldu du, “estatuan ezarri ziren gisa honetako lehenengoetarikoa, ziurrenik” gaineratu du. Azkoitia, Ondarroa eta inguruko beste hainbat herritarako elektra indarra sortu zuen turbinak funtzionamenduan egon zen bitartean. Egoera txarrean dago orain, baina zaharberritu eta txukun-txukun lagatzeko konpromezua bere gain hartu du udal ordezkari nagusiak. "Horixe izango da gure erronka" adierazi du.
Bide batez, amaitu berri den Andikanio eta Maltzaga arteko bide gorrira jendea inguratzeko beste erakargarri bat izango litzateke alkatearen ustez.