•Hip-hop ikastaroa
Nagusientzako eta umeentzako ikastaroa emango du Maria Escobedo irakasleak (argazkietan) Olaizaga Kiroldegian. Dagoeneko bi ikasle talde ditu baina oraindik ere garaiz dabiltza izena eman nahi dutenak. Informazio gehiago eskuratzeko: 943 741 332 telefonora deitu daiteke. Valentziako Cheste herritik iritsi zen Maria Escobedo Elgoibarrera. 25 urte ditu, eta txiki-txikitatik dantza egitea du gustuko. Hiruzpalau urte daramatza dantza akademia batean ikasten, eta aurten irakasten ere hasi da.
Hip-hopa Kaleko dantza eta kultura mugimendua dela dio Mariak, “Kaleko dantzariak dira, eta euren sentimenduak eta arazoak kaleratzeko erabiltzen dute dantza. Mugimendu horren barruan raperoak, graffiteroak, dantzariak eta skaterrak daude, besteak beste”.
Bestalde, ez zaio iruditzen dantza egiterako orduan euskaldunok lotsatiak garenik: “Nire klaseetara datorren jendeak ez dauka dantzatzeko arazorik. Hasieran apur bat kostatu egiten da, baina egunak aurrera joan ahala, jendea oso ondo mugitzen da. Dantza egiteaz gain, asko hitz egiten dugu klaseetan. Ikasleek ondo pasatzea nahi dut, eta klasetik irribarre batekin joan daitezen saiatzen naiz”. Mariak berak Euskal dantza, balleta eta gimnasia erritmikoa egin izan ditu umetan. "Trikitia eta euskal dantzak betidanik ezagutu izan ditugu, eta mugimendu berri hauek geroago iritsi dira gure artera". Estatu Batuetatik dator hip-hopa, baina Donostian, esate baterako, aspalditik dantzatzen da.
- Gehiago, BARREN astekariak Maria Escobedori egin dion elkarrizketan, barixaku honetan.