Bertsolari Txapelketa Nagusian estreinakoz kantatuko du Uxue Alberdik

elgoibarren.net 2009ko ira. 18a, 12:50

 
Zestoan hasiko da urriaren 3an Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta bertan parte hartuko du, estreinakoz, Uxue Alberdik. 2007an Gipuzkoako txapelketan eginiko lan ona –finalaurrekoetara ailegatu zen- berresten saiatuko da 25 urteko elgoibartarra. 

 
 


1706640152200 Bertsolari Txapelketa Nagusian estreinakoz kantatuko du Uxue Alberdik

Uxueren lehen aurkariak
  Txapelketa Nagusia Zestoan hasiko da urriaren 3an (Gurutzeaga pilotalekuan, 17:30ean), hiru aldiz txapeldun izan zen Uztapideren jaioterrian. Txapeldun handia jaio zela 100 urte bete direla gogoratzeko omenaldi ekitalditxoarekin hasiko da Txapelketa. Ondoren, Uxue Alberdirekin batera beste bost bertsolarik egingo dute kantuan: Iñaki Gurrutxaga, Odei Barroso, Jone Uria, Oihana Bartra eta Miren Artetxe. Gero, beste bost final-laurden eta zazpi finalaurrekotan Andoni Egañarekin batera abenduaren 13an BEC-en kantatuko duten beste zazpi finalistak erabakiko dira. Guztira, 44 bertsolarik parte hartuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusian.

Sarrerak aurrez salgai
  Antolatzaileek, bestetik, saioetarako sarrerak aurrez erosi eta norbere etxean inprimatzeko sistema ezarri dute. Era horretan, txarteldegiko ilara luzean zain egon barik sartu daiteke bertsozalea saiora. Sarreren salmentarako www.bertsosarrerak.eu webgunea sortu da eta saioa izango den aste hasieran aktibatuko da sarreren salmenta saioz saio. Finala aparte, gainontzeko saio guztietarako bonoa ere salgai izango da.