•Hasierako hamaikakoan 500. partidan
Partida polita jokatu zuten zuri-gorriek Austriaren kontra. Joseba Etxeberria hasierako hamaikakoan irten zen, kapitain gisa, eta partida borobila jokatu zuen aurrelari beteranoak. Muniainen hirugarren gola ekarri zuen talde jokaldian, esaterako, parte hartze zuzena eduki zuen elgoibartarrak. Atzokoa partida berezia izan zen Etxeberentzat. Aspaldian hasierako hamaikakoan irten gabe zegoelako batetik; bera izan zen hamaikako ezusteko nagusia. Eta bestetik, Athleticekin jokatzen zuen 500. partida izan zen. Gutxik, oso gutxik, esan dezakete horrelakorik Athleticen historia oparoan. Jose Angel Iribar “El Txopo” (614 partida) eta Txetxu Rojo jokalari mitikoak bakarrik ditu aurretik elgoibartarrak, partida gehien jokatu dituzten jokalari txuri-gorrien zerrenda luzean.
Gogora ekarri behar da, Bilbon jokatzen duen 15. denboraldia dela honakoa Etxeberentzat. Denboraldi berezia, ezbairik gabe, bere jokalari ibilbideko azkena izango dela iragarri baitzuen, eta gainera, berak hala erabakita, kobratu gabe ari da jokatzen. (ikus hemen: Joseba Etxeberriari elkarrizketa)
•Zubiaurreren debuta etxean
Partidako 76. minutuan iritsi zen Iban Zubiarrek horrenbeste desio izan duen momentua: Athleticekin partida ofizialean San Mamesen debuta egitea, alegia. Beste debutari batekin, San Joserekin batera irten zen mendaroarra joko zelaira, Iraolaren ordez. Estreinaldi gozoa eduki zuten biek, Athleticek hiru golak sartuta baitzeuzkan ordurako.
Orain arte Athleticekin partida oso gutxi jokatzeko aukera eduki du eskuin hegaleko jokalariak: Ligako bi partida eta Kopako bat, guztiak etxetik kanpo. Zaletuen txalo artean zelairatu zen Zubiaurre, estreinakoz partida ofizialean. Ia hiru denboraldi jokatu gabe egon ostean, Elx taldean utzita jokatu zuen Zubiaurrek iaz. Eta nahiko ondo aprobetxatu zuen bere aukera. Athleticek utzita zituen jokalarien artean (Lafuente, Tiko, Casas, e.a.) bera izan zen aukera ondoen baliatu zuenetarikoa. Lehiaketak ematen duen erritmoa berreskuratzeko aukera eduki zuen. Sari gisa Athleticera bueltatu da eta aurten gogoz saiatu beharko da deialdietan sartzeko lehia gogorrean. Bere buruz zaletuen eta entrenatzailearen aurrean errebindikatzeko lehen aukera izan zuen atzokoa.