Morkaikok, Elgoibarko mendizaleen elkarteak joan den uztailean adierazi zuen Elkarte moduan ez zuela ‘Ehunmilak’ lasterketa antolatzen lagunduko, eta erabaki hori hartzeko arrazoiak ere azaldu zituen (ikus hemen). Hala izanik ere, laguntzeko prest dagoen jendearekin zubi lanak egiteko prestutasuna agertu zuen Morkaikoko zuzendaritzak. Eta lan horretan dabiltza. Izan ere, dagoeneko sortu da laguntzeko prest azaldu den lagun talde bat gure herrian, eta egin dituzte lehen bilerak ere. “Ia urtebete falta da oraindik lasterketarako, baina horrelako proba batek lan handia eskatzen du eta lehenbailehen hastea komeni da” azaldu du boluntarioetako batek.
Taldetxo honek, ateak zabalik ditu beste edozein pertsonak bere laguntza eskaini eta elkarrekin lan egiteko, bai eta ideiak jasotzeko ere. Hortaz, harremanetarako helbide elektroniko bat sortu berri du: elgoibar.ehunmilak@gmail.com
Eta, guztiaren berri emateko blog bat ere sortu dute: Ehunmilak-Elgoibar
•Gipuzkoako gailurrik garaienak
"Ehunmilak" lasterketa bere osotasunean Euskal Herritik igaroko da, zehazki Gipuzkoako lurralde historikotik, eta mendiz zeharkatuko ditu Goierri, Tolosaldea, Urola-kosta eta Urola-Garaia eskualdeak. Ibilbidea Gipuzkoa barneko leku dotoreenetatik igaroko da, pagadi eta hariztietatik barrena Aralar eta Aizkorriko parke naturaletan sartuz. Era berean, inguruko gailurrik garaienak igoko dira. Goierriko eskualdean Txindoki (1.346), Ganbo (1.402) eta Aizkorri (1.528), Urola-Kostan Erlo (1.026), Urola-Garaian Izaspi (967) eta Hernio (1.075) Tolosaldean. Guztira, 12.000 metroko desnibel positiboa! Datu horiek Mont Blanc-eko Ultra Traila baino gogorragoa eta luzeagoa egiten dute, gisa honetako lasterketarik gogor eta ezagunetarikoa denarekin konparazio bat egitearren.
- Informazio gehiago: Ehunmilak.com