Borja Uzuriagaren omenez dantza egingo du Haritzek San Migel jaietan

elgoibarren.net 2009ko ira. 22a, 13:11

 
Auzoko dantzaria izanik, sanmigeldarren urteroko Agurra gidatzeko ohitura zuen Borja Uzuriagak, Haritz dantzari taldeak San Migel jaietan urtero eskaintzen duen emanaldian. Datorren zapatuan ere bertan egongo litzateke Borja, zorigaiztoko motor istripu batean bizia galdu izan ez balu, Elgoibar eta San Migel arteko errebuelta batean.

 

1706640149650 Borja Uzuriagaren omenez dantza egingo du Haritzek San Migel jaietan

 Taldekide ohiari eskainiko dio Haritz Euskal Dantzari Taldeak, Aiastia-San Migel auzoko San Migel jaien barruan, zapatu honetan (irailak 26), emango duen saioa. Kutsu berezia izango du, hortaz, aurtengo emanaldiak: San Migelik mikatzenak izango dira Haritzeko dantzari eta lagunentzat.
 Aurten, Arabako dantzak eta Lapurdiko dantzak erakutsiko ditu Haritzek. Emanaldia gaueko 22:30ean hasiko da Aiastia-San Migel auzoko frontoian.
 Borja Uzuriagak makina bat bider dantzatu zuen Murkaikupe frontoian eta taldekide, auzotar, eta batez ere sendikoek haren falta sumatuko dute, ziur, zapatuan. Urte dezente egin zituen Borjak dantza taldean eta Haritz dantza taldearen koreografia askotan parte hartu zuen.

2009ko San Migel Jaiak

Egin klik egitarauan handiagoa ikusteko.

 
Barixaku honetan, hilaren 25ean, hasiko dira San Migel jaiak Aiastia auzoan. Urtero legez, egitarau zabala prestatu dute auzotarrek: triki bertso kalejira, bertso afaria, disko festa, artzai txakur txapelketa, bolo txapelketak, erromeria, e.a. (alboan daukazue egitaraua). Bestalde, Andoni Egaña eta Xabi Paia bertsolariek parte hartuko duten bertso afarian izena ematea Armueta, Ziarda, Sahatzu edo Arrizabalaga harategietara jo daiteke, edota honako telefonoetara hots egin: 617 332 350 edo 635 723 255.