Saxofoiaren unibertsitate ikasketak egin ditu Aitor Novak Musikenen, Donostian; eta hasi berri den ikasturtean ezagutzak handitzera joan da Montpellierrera (Frantzia). Hala ere, erreleboa betirako izango dela uste du Txomin Mugikak: “Mutil jatorra, musiko osoa eta, horrez gain, dultzaina benetan asko gustatzen zaion pertsona da. Asko gustatuko litzaiguke bera gure erreleboa izatea, poliki-poliki aurrera goaz-eta urteetan. Domekan estreinaldi aparta eduki zuen, oso ondo jo zuen”.
Mujika eta Zubiaurre 1972. urtean hasi ziren Ricardo Gorriti danborjolearekin batera dianetan eta jaietako hainbat ekitalditan jotzen. Euskal Herriko leku mordotan jardun dute, gainera. “San Ferminetatik, Bilboko jaietatik, Gasteizkoetatik, Laguardia, Bergara, Eibar, Durango, leku askotatik deitzen gaituzte. Baita hurrunagotik ere, Navarcles herrian, Bartzelonan, jo dugu aurten, esaterako. Datorren domekan (irailak 27) Antzuolan joko dugu”.