Zapatuan antolatu zituzten ekintzek izandako harrerarekin ere gustura daude mortorzale elgoibartarrak, nahiz eta Bocanada taldeak Madalan eskaini zuen rock kontzertura lagun gehiago hurbilduko zirela uste izan. Scooter gidariek Plaza Txikian eskaini zuten erakustaldiak, aldiz, lagun asko batu zituen. Gidariek motor txiki baina jostagarri hauekin deabrukeriak egiteko gai direla erakutsi zuten: jarleku gainean zutik igota, atzekoz aurrera, eskurik gabe gidatuz nahiz aurreko zein atzeko gurpilak altxatuta zur eta lur laga zituzten ikusleak.