Obra esleitu, eta oinarrizko proiektua eskola ixten denerako prest izatea espero du Udalak, hain justu ere, 2010eko abuztu ingururako. Lehen aurreikuspenen arabera, 144-180 lagunentzako egoitza, psikogeriatriako eta gizarte eta osasun arloko zerbitzuak, 30 bat lagunentzako eguneko zentroa eta tutelatutako hamarren bat pisu eraikiko lituzkete, gaur egun jolastokia dagoen lekutik gorako zatian, 11.000 metro koadro ingurukoa. Jolastokitik beherako zatia, 6.000 bat metro koadro ingurukoa, Udalaren beharretarako erabiliko litzateke. Udalak ez du zehaztu oraindik zein erabilera emango dion bere ardurapeko zati horri, baina aparkaleku handi bat egitea ere aztertu du, beti ere diru kontuak zehaztutakoan bideragarria dela ikusiko balitz.
Ikasturte honetan itxiko dute Pilar ikastetxea, eta orduan hasiko da zaharren egoitza eraikitzen hasteko atzerako kontaketa. Pilar ikastetxearen jabeak prest azaldu ziren eraikin hori Udalari uzteko, baldin eta gizarte zerbitzuetarako erabiltzen bazuten. Eskaintza hori Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi zion Udalak, eta hark Debabarrenako kostaldeko zatian (Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku hartzen ditu zati horrek) dagoen gabezia ikusita, aurrera egitea erabaki zuen. Beharrak zeintzuk diren eta zelako zerbitzua eman beharko litzatekeen aztertu dituzte, eta Foru Aldundiaren eskariz arkitekto batek prestatu du obra lehiaketara atera ahal izateko beharrezko zirriborroa.
∞Lotura duten albisteak:
- Pilar Ikastetxea adinekoentzako egoitza bihurtzeko aurrerapausoa (2009-02-12 elgoiBARREN.net)