Antzezle espainiar ezagunek bisitatuko gaituzte datozen hilabeteotan

elgoibarren.net 2009ko urr. 2a, 10:18

 
Elgoibarko Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntza bat jaso du, eta horri esker, “punta-puntako” hiru antzezlan ikusteko aukera izango da datozen hilabeteotan Herriko Antzokian. Bestalde, Herriko Antzokiko ikuskizun eszenikoak ikusteko sarrerak erosteko sistema berritu du Udalak.

 

 Kultura Saileko arduradunek jakinarazi dutenez, antzerkia eta, batez ere, telebistari esker ezagutzera eman diren antzezleak ailegatuko dira Elgoibarrera: Belinda Washington, María Luisa Merlo, Carlos Lozano, Manuel Galiana, Emma Ozores, e.a.
 Gauzak horrela, “Las vacaciones de Josefa” antzezlana aurkeztuko du Txalo konpainia donostiarrak hil bukaeran, urriaren 29an, hain zuzen. Aktore ezagunek lan egiten dute bertan. Txutxu-mutxu saioen aurrekari izan zen !Que me dices! saioa aurkezteagatik ospetsu egin zen Belinda Washington, Operacion Triunforen lehen edizio arrakastatsua aurkezteagatik aurpegi ezagun bihurtu zen Carlos Lozano modelo ohia, eta, hirukotea osatuz, Maria Luisa Merlo aktore beteranoa. Valentzian jaio eta antzezleen alaba eta ama den 66 urteko emakume honek ibilbide luzea dauka zineman, telebistan eta antzerki munduan bereziki.
 Azaroaren 20an, berriz, “Desnudos en Central Park” eskainiko du Txalo Produkzioak konpainiak. Manuel Galiana eta Emma Ozores antzezleak dira antzezlaneko protagonistetako batzuk.

1706640121565 Antzezle espainiar ezagunek bisitatuko gaituzte datozen hilabeteotan

 Aurrekoez gain, Glu-Glu konpainia 2010eko urtarrilaren 15ean Elgoibarko Herriko Antzokian izango da, “El cocidito madrileño II” antzezlana taularatzeko. Antzezlan honetan parte hartuko dute Ramón Merlo, orain gutxi BARREN astekariak elkarrizketatu zuen Javier Antón, Eduardo Gabiña, Loli Astoreka, Libe Aranburu eta Mari Cruz Melgosak. Hilabete honetako kultur eskaintzan ere (ikus urriko gida) ez da faltako antzerkirik. Hala, “Nora zoaz Txanogorritxo?” antzezlana eskainiko du Deabru Beltzak taldeak urriaren 11n, eta “Mundo y final” lana, berriz, Ron Lalá taldeak urriaren 16an.
 
Sarrerak Kutxaren bidez lortzeko bidea
 Herriko Antzokian egiten diren ikuskizun eszenikoetarako sarrerak aurrez erosteko sistema aldatu du Elgoibarko Udalak, “arinagoa” egitearren. Aurrerantzean, Kultur Etxean beharrean, Kutxako bulegoan jarrito duten kutxazainaren bidez, Internet bidez (www.kutxa.es) edota Telekutxara deituta (943 001 200) erosi beharko dira sarrerak. Astelehenean hasiko dituzte lanak, baina hilaren 16an jarriko dute berez martxan sarrerak eskuratzeko sistema berri hori, hain zuzen ere, Ron Lala konpainiak eskainiko duen Mundo y final antzezlanarekin batera. Kutxazainaren bidez erositako sarreretan, Kutxak ez du komisiorik kobratuko Kutxakoa ez den beste edozein txartel erabiliz gero, baina bai ordea Internet bidez eta Telekutxa bidez egindako erosketetan. Azken orduan, ikuskizuna hasi aurretxoan, sarrera erosi nahi duenak, berriz, takilan bertan eskuratzeko aukera ere izando du.