Alain Ulaziaren bigarren liburuak, -“Arno, piztiak eta bandiduak” izan zen aurrenekoa- progresu zientifikoaren alderdi ilunenak azaleratu eta horien kritika bat egin du Elkar argitaletxeak Oinarrizko Liburutegia Sailean argitaratu duen liburuan.
Elgoibarren.net orainkarian blogari (ikus Motxailaren gurdia) eta fisika ikasketak dituen egileak berak azaldu ditu 146 orrialdetako liburu berri honen nondik norakoak: “Liburua II. Mundu Gerraren amaieratzat hartua izan den gertaera zientifiko erraldoi batekin lotuta dago, lehergailu atomikoa ahalik azkarren sortzea helburu zuen Manhattan Proiektuarekin. Eta, proiektuaren buru zientifikoa Robert Oppenheimer izan zen. Haren biografia hartu dut ardatz gisa progresu zientifikoaren alderdi ilunenak azaleratzeko eta honen kritika bat egiteko”. Garaiko fisikari ezagunenen portaera eta eromena ere aztergai izan ditu biografia eta saiakeraren arteko lan honetan.
“Bonba atomikoaren aita”
Robert Oppenheimer (1904-1967) New Yorken jaio zen fisikari estatubatuarrra da. Harvard eta Cambridgeko Unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Cambridgen doktoregoa lortu zuen 1927an. 1930. hamarkadan, izpi kosmikoen, oinarrizko partikulen eta zenbait erreakzio nuklearren inguruko ikerketak egin zituen. 1943an, Manhattan proiektua (bonba atomikoa garatu zuena) definitu zenean, Oppenheimer Los Alamosko (Mexiko Berria) laborategietako zuzendari izendatu zuten. Ondorioz, Japoniako Hiroshima eta Nagasaki hiriak suntsitzeko bonba atomikoa AEBk bota zuenean, “Bonba atomikoaren aita” deitu zioten. Geroago, arma atomikoen nazioarteko kontrolaren alde jardun zuen eta baita hidrogeno-bonba garatzearen aurka ere.
•Oppenheimer and the Atomic Bomb (“Oppenheimer eta bonba atomikoa”) liburuko pasarte bat:
“Hartu behar genuen lehen erabakia zera izan zen, alegia, uranio kantitate beharrezkoa zein izan zitekeen zehaztea. Pisu jakin baten azpitik (masa kritiko deritzona) U-235ek ez du fisio nuklearraren kate-erreakzioa lortzen. Horrelako egoeratan, gune zatituek askatutako neutroiak barreiatzen dira beste gune baten kontra talka egin arte. U-235eko masa handitzen den heinean, kate-erreakzioa gertatzeko probabilitatea ere handitzen da. Masa kritiko jakin batetik gora, gehienetan, hasierako fisioaz askaturiko neutroiak beste baten kontra egiten du talka eta puskatu egiten du. Ondorioz askatutako neutroiak beste gune berri batzuk zatituko dituzte oso azkar gorantz dihoan kate-errakzioaz. Ezin kontrolatuzko erreakzioa da, ziztu bizian gertatzen dena; izugarrizko energia askatzen du eta leherketa atomikoa eragiten du”.
Iturria: www.gaiak.net/zientzia