Antxintxika egiteko ibilbide berria egingo du Udalak Mintxeta inguruan

elgoibarren.net 2009ko urr. 8a, 07:45


Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker, 2009an hasi eta 2010ean bukatuta egon beharko duen antxintxika egiteko zirkuitu berri bat egokituko du Udalak Mintxetako estadioaren inguruan.

 

 


Elgoibarko Udalaren Kiroletako zinegotzi Ricardo Garatek eta Kiroletako Foru Diputatuak sinatu zuten hitzarmena.

 Juan Mugerza krosaren ibilbidea errespetatuko du zirkuitu berriak eta, zati batzuetan, elkarren paralelo egongo dira biak. Ibilbide berriak 1.150 metroko luzera edukiko du. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzako diputatuak, Iñaki Galdosek, aste honetan hainbat hitzarmen sinatu ditu gure lurraldeko hainbat udal eta erakunderekin, aurtengo urterako aurreikusitako instalazioak finantzatzeko. Instalazio horiek guztiak 2008-2011 aldiko Kirol Ekipamenduen Planaren barruan sartuta daude.
Diru-laguntza izango duten erakundeen artean Elgoibarko Udala dago. Udalak, datozen bi urteetan, 200.000 euro jasoko ditu (100.000 euro urte bakoitzean) Mintxetan antxintxika egiteko ibilbide berri bat egokitzeko.
 Oraindik zehaztu gabe dago ibilbideak izango duen zoru mota. Hori bai, minusbaliatuentzako aproposa izango da. Besteak beste, harmailen atzean dagoen bide zatiko aldapa xamurtuko dute; orain %15eko portzentaia duen malda % 8ra jaitsiko dute. Zirkuitu guztia kirol instalakuntzen kanpoaldetik eraikiko dute eta futbol zelaia eta igerilekuak inguratuko ditu.
 
*Argazkia: Manu Sanchez.