Bueltan gara, zertxobait busti arren eta eguzki goxoari irribarre egin ostian, zubi politx honen laburpena eitxeko prest gaude.
Urriak 10, larunbata
Goizeko 05:30 ak Elgoibarko plazan, 45 lagun logalearekin borrokan, eta 10 bat egunkari beraien multzoetatik kanpo daude. Autobusera igo, eta loak hartu gaitu pixkanaka-pixkanaka,
aurretik ordea, Zarautzen lagun berri bat jaso dugu. Berria egunkarian
irteeraren berri jaso zuen eta plana gustatu zitzaionez gurekin bat
egin du.
Orduak joan hala, Frantziako autopistan barrena goaz Aran bailarara bidean. Jendea esnatzen doa, Vielha inguruan gaudela eta hemendik tunela igaro ostean, Ribagorza bailaran sartu gara Benasque helmuga-toki dugularik. Eguraldia nahiko triste dago, hodei mardulek inguruko paraje ederrak estaltzen dituzte baina hegoaldera egin hala, eguzkia nagusitzen da.
Benasquen
autobusetik jaitsi eta bi orduko epea dugu zertxobait jan eta herria
ezagutzeko. Benasque herri polita da, harrizko etxe eta arbelezko
teilatuek osatzen dutena, eta
oso atsegina da bertako kaleetan paseatzea. Barrabes dendan sartu-irten
bat egin ostean, bazkaltzeko taberna eta txoko ezberdinetan sakabanatu
gara.
Ordu biak aldera berriz ere autobusa hartu, eta haranean gora egin dugu 3 kilometro inguru. Hemen, botak jantzi eta motxilak bizkarreratu, prest gaude iada 3 eguneko mendi-irteerari ekiteko.
Eguraldia ez dugu lagun Estoseko haranean gora goazen einean, inguruko mendiak
ez baititugu ikusten behelainoaren erruz. Inguruko basoak ordea
edertuta daude, udazken koloreak nagusi dira eta kolore mota guztiak
agertzen dituzte zuhaitzetako hostoek.
Bi orduren buruan heldu gara denok Estoseko aterpetxera. Gelak banatu, eta erropak aldatu ostean, kanpoan euria nagusi denez, barruan gaude afalorduaren zai. Afaria ateratzean (salda, dilistak, albondigak eta postrea), aurpegiak poztu eta tripa betetzeari ekin diogu. Ondoren, poliki-poliki jendea oheratzen joan da, eta hurrengo egunaren zain loak hartu gaitu, aurrez gelako pare bat armiarma akabatu eta ohe-"burruka" bat izan dugularik.
Urriak 11, igandea
07:00 alarmak pipipipipi...Esnatu eta gosaltzera. 08:30ak dira eta abian jarri gara, Chistauko lepora bidean. Eguraldiak ez du zabalgunerik erakusten eta hodeiek edozein mendi tontor estaltzen dute gure inguruan. Ordu eta laurden ibiltzen ibili eta nagiak kendu ostean, heldu gara lepora eta taldeko gainontzekoen zain gaude, haize gogorrak saihestu nahian.
Talde argazkia Estoseko aterpetxean
Estoseko haranean zehar gora, lepora bidean
Chistauko lepoa hurrunean, paraje ederrak inguruan
Lepora bidean, azken aldapetan gora
Pixkanaka-pixkanaka
batu gara denok 2.595 metrotan dagoen lepoan. 7 pertsonak mendi tontor
baten bila joateko gogoa erakutsi eta aurrera jarraitu dugu Pico de los
Veteranos-era bidean. Gainontzekoek behera egin dute Biadoseko
aterpetxera bidean, ondoren, bertatik bueltaxka bat emateko.
Chistauko lepoan, Aitorren hitz jakitunei arretaz entzuten
Mendi tontorrera doan taldetxoa
Biados inguruetako parajeak, ibiltzeko paregabeak
Chistauko portutik beheranzko bidea, Bachimalako mazizorantz
Gora goazenok erritmo ona hartu dugu eta poliki-poliki kresterian sartu gara. Eguraldiak ez digu 30 metro baino gehiagora ikusten uzten, baina poliki-poliki eguzki-izpi batzuk
agertzen hasten dira. Igotzen goazela, gure gaurko altuera garaiena
ikusi dugu eta eskuak jarri beharreko arista bat igaro ostean,
tontorrean gaude. Argazki pare bat atera, eta berriz ere behera, lepoko
haize gogorrak euriari paso eman baitio.
Tontorrera bidean, eguzkia ikusi nahian
Pico de los Veteranos (3.125m)
Eguraldi tristetik pozgarriagora bidean
Añes Cruzes haranean behera, Posets-Espadas mendilerroa gainean daukagularik
Arratsaldean
denok Biadoseko aterpetxean elkartu gara. Mendialdean izandako
eguraldia ezin daiteke ezberdindu hemen daukagunarekin. Eguzkia eta
tenperatura oso atseginak, eta horrez gain, paisaia ikusgarriak. Bertan
daude, Posets mazizoko mendi gehienak ikusgai.
Biadoseko aterpetxetik ikusgai dauden parajeak
Dutxa
bero bat hartu ostean, garagardo festa modukoa antolatu da
aterpetxearen kanpokaldean, afalorduaren zain denbora igarotzeko
asmotan edo...
Mendi taldea edo Oktoberfest-etik bueltan datorren lagun taldea?
Taldeko argazkia (jendea falta da)
Estoseko
aterpetxean izandako afari goxoak, Biadosekoari pasu eman dio eta oso
ondo afaldu dugu. Afalosten, iluntze polit batekin gaua agertu zaigu
eta horrek ohealdera bultzatu gaitu. Gaurkoan orkesta sinfonikoa nagusi
da logeletan, eta batzuek solista papera ere hartua dute.
Afaldu aurreko berriketaldia, bista ikusgarriekin
Posets-eko mazizoa, eguzkiaren azken izpiekin
Afalostean, berriketaldia
Urriak 12, astelehena
06:45 pipipipi... Gosaltzera eta zortziretarako denok martxan gaude Puerto de la Pez-era bidean. Hasiera batean batzuk azkarrago ekin diogu bideari, mendi tontor batera igo
nahian... Bidean aurrera egin hala eguraldia oso itxia dago, euria eta
haize bortitza. Hau ikusirik, lepora igo eta autobuserako bidea hartzea
hitzartu dugu.
Puerto de la Pez-era bidean
Leporako bidea taldeka igo dugu, erritmo ezberdinak baitaude eta eguraldiak
asko baldintzatu gaitu. Puerto de la Pez-era iristean, 2.451 metroko
altueran, haizea ikaragarria da eta kontu handiz jaitsierako bidea
hartu dugu ibar glaziar eseki batean sartuz. Harriak oso labainak daude
eta eguraldia nahiko petrala den arren behera goaz. Erorketa dexente
izan diren arren, gehienak ipurdikoak izan dira, baten bat muturrez
aurrera erori bada ere.
Puerto de la Pez-etik beherako haran glaziarra
Poliki-poliki,
eguraldia hobetu hala, basoan sartu gara eta perretxiko zale asko
bertan gelditu badira ere, gainontzekook autobusera jo dugu blai eginda
geneuzkan erropak aldatzeko asmoz. Azkena iristearekin batera eta
tripak zertxobait bete ostean, autobusa martxan jarri, eta bueltako
bideari ekin diogu.
Pont du Pratera bidean, basoan sartu aurretik
Biarritz
eta Biriatou inguruan auto-ilarak izan ditugun arren, eta zarauztarra
autopistako ordainlekuan utzi ostean, bederatziak inguruan iritsi gara
Elgoibarrera denok sanu eta salbu.
Autopistako auto-ilarak, Biarritzen
MORKAIKO MENDIZALE ELKARTEA