Arnaldo Otegi atxilotu dute ezker abertzalearen kontrako operazioan

elgoibarren.net 2009ko urr. 13a, 19:40

Arnaldo Otegi elgoibartarra atxilotu du Espainiako Poliziak gaur  (urriak 13) arratsaldean, LAB sindikatuaren Donostiako egoitzan. Berarekin batera, Rufi Etxeberria, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto ere atxilotu dituzte, besteak beste.
Manifestazioa: Arnaldo Otegiren eta gainerako bederatzi lagunen atxiloketak salatzeko manifestazioa antolatu du Elgoibarko Ezker Abertzaleak, 20:00etan hasiko da Plaza Handitik. Barixakuan (urriak 16) ere "mobilizazioak" egingo dituztela aurreratu dute. Plaza Handian izango da hitzordua 20:00etan. 

 

Otegi atxilotuta eraman zuten unea.

 Baltasar Garzonek agindutako operazioan hamar lagun atxilotu dituzte. Guztiei, "Batasunaren Mahai Nazional berria" osatzen saiatzea leporatzen die Auzitegi Nazionaleko epaileak.
 Arnaldo Otegik hamahiru hilabete egin ditu aske, 2008ko abuztuan irten baitzen Martuteneko espetxetik. 1998an HBko bozeramaletza hartu zuen, aurreko mahaikide guztiak espetxeratu eta gero. Lizarra-Garaziko akordioa, ezker abertzalearen legez kanporatzea eta azken negoziaketa prozesua gertutik ezagutu ditu. Maiatzean esan zuen udazkenean hasiko zela “bloke soberanista eratzeko bidea”. Azkenaldian, Otegik iragarria zuen proposamenari buruz hausnartzeko bilerak egiten ari zirela ere zabaldu du Europa Press agentziak. Proposamen politikoa lantzen ari zirela, eta ezker abertzaleak instituzioetara itzultzeko asmoa duela, “indarkeriari distantzia jarrita”.
 
Arnaldo Otegiren atxiloketaren berri agerkari digitaletan: eitb.com; berria.info; sustatu.com; zuzeu.com; argia.com; diariovasco.com; gara.net; noticioasdegipuzkoa.com; elmundo.es