Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza

elgoibarren.net 2009ko urr. 14a, 11:28

Pareko kalean, Gotzon Garateren jaiotetxean, euskaltzale elgoibartarra omentzen zuten bitartean, Errosarioko Ama Birjinaren omenezko jaiak ospatu dituzte Errosario kalean. Hamaika ekitaldi eta hamaika irudi laga dituzte eguaztenean hasi eta domekan (urriak 11) amaitu ziren jaiek. Bada bat, ordea, Elgoibarko tradizioaren zati bihurtu nahian, Haritz Euskal Dantzari Taldeak birsortu duena: Errosarioko Ama Birjinaren omenezko ezpatadantza. (argazkiak dauzka)


Ezpata txikien dantza ibilbidearen lau puntutan egin zuten: parrokiako arkupeetan, Nafarroa plazan, Errosarioko Amaren irudiaren parean eta udaletxe aurrean.

  Haritz Euskal Dantzari Taldeak dantzan.com blog komunitatean azaldu duen moduan, hamaika esfortzu eta buruhausteren ostean lortu dute sasoi batean urriko lehen domekan Errosarioko Ama Birjinaren omenez egiten zen ezpatadantza birsortzea. Eguraldiak gehiegi lagundu ez zuen arren, Haritzeko dantzariek jendaurrean aurkeztu zuten dantza saio ikusgarria joan zen domekan, Udal Txistulari Taldearen laguntzaz. Eta, garrantzitsuagoa dena: "oinarri historiko sendoen gainean eraikita dagoen dantza” Elgoibarko tradizioaren zati bihurtu nahi dute aurrerantzean.

  Gipuzkoako herri gehienetan bezala, duela zenbait mende ezpatadantza egiten zen Elgoibarren ere. Hori horrela dela frogatzen duten zenbait datu daude. Aurkitutako aipamen zaharrenak 1599. urtekoak dira, Korpus Egunean dantzari, danbolin eta arkabuzeroen partehartzea aipatzen baita. Aurrerago, Errosarioko Amaren Kofradiaren sorrerarekin, urriko lehen asteetan egin zen ezpatadantza Errosario kalean.
  Duen izaera zeremoniatsuari begiratuta, ez da harritzekoa historian zehar dantza hau jai edo ospakizun garrantzitsuekin lotuta azaltzea. Agintari nagusien bisita edo beste nolabaiteko ekitaldi garrantzitsuren bat bada, presente dago ezpatadantza Elgoibarren.

Omenaldia Arrieta, Lizarralde eta Urbeltzi

Bi melodia erabili zituzten dantzarako: Gipuzkoako ezpata-dantzarena eta R.M. Azkuek Elgoibarren jasotako beste bat.

Datu guzti horien bilketa eta azterketa lanean ordu mordoa pasatakoak dira Koldo Lizarralde eta Pello Arrieta. Beraiek izan ziren, gainera, ezpatadantza berreskuratzera Haritzekoak animatu zituztenak. “Beraiei esker dugu eskuartean aipatutako informazioa”.  Gauzak horrela, domekan egin zuten saioan bi historialariak eta ezpatadantzaren birsortzean koreografiaren egilea izan den  Juan Antonio Urbeltz, dantza maisu eta folklorista, omendu zituzten. “Plazerra izan da guretzat maila horretako antropologo eta folklore ikerle batengandik ikasi ahal izatea. Mila esker beraz, berari ere”.

Argazkiak:

1706640112083 Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza

1706640112120 Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza

1706640112185 Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza

1706640112226 Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza

1706640112266 Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza

1706640112306 Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza

1706640112344 Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza

1706640112409 Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza

Juan Antonio Urbeltz.

1706640112488 Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza

Koldo Lizarralde.

 

Peio Arrieta.