Erakundeen jarduna hobetzeko asmoz herritarren partaidetza bultzatuko du Udalak

elgoibarren.net 2009ko urr. 14a, 15:25

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elgoibarko Udalak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, herritarren partaidetza eta politika publikoen ebaluazioa bultzatzeko, Kudeatuz programaren baitan. Horretarako, bi atal dituen azterketa bat egingo da. Batetik telefono bidezko inkestak egingo zaizkie zoriz aukeratutako 600 elgoibartarrei –datorren astetik aurrera hasiko dira deiak egiten- eta, bestetik, norberak betetzeko galdera-sorta labur bat bidaliko da etxe guztietara.



 Telefono bidezko inkesta herritar guztiengana iristen ez dela-eta osatuko dute galdera-sortarekin. Herritar guztiek iritzia emateko aukera izango dute horrela eta, nahi badute, edozein iradokizun egin dezakete, azterketan sartu eta ondoren dagokionari bidaltzeko.
Gazteak eta euren ohiturak aztergai
Ekimen honetako bultzatzaileek herritarren iritzia jakin nahi dute, batik bat, udalerri mailan herritarrei zuzenean eragiten dieten politika batzuei buruz. Horien artean daude gazteak eta euren ohiturak. Azken aldian horrenbeste ugaritu diren gazteen lokalak, esaterako. Horien gaineko azterketa sakona egiteko asmoa dute Udalak eta Diputazioak. “Datorren hilean hasiko dugu azterketa eta sei bat hilabetez luzatuko da, gaia sakonean aztertzeko asmoa dugu-eta” aurreratu du Alfredo Etxeberria alkateak. Jasotako informazio guztia kontutan hartuta, etorkizunean gazteen lokalen inguruko ordenantza bat sortzea izan daiteke helburuetako bat.
Plan Nagusiaren gaineko ezagutza
Bestalde, datorren astetik aurrera martxan jarriko duten azterketa Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren gainean herritarrek duten ezagutzari buruzkoa izango da. “Plan nagusia zehatz-mehatz ezagutzen duten baino gehiago, horrelako plan bat zer den eta martxan dagoen ala ez dakiten baizik. Horixe da jakin nahi duguna” argitu du alkateak.

 Udaleko arduradun nagusiak ekimen honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritar guztiak. “Izan ere ziur baikaude, era horretan, denon artean hobetuko dugula gure erakundeen jarduna. Horregatik gonbidatzen zaituztegu galdera-sorta hau bete dezazuen eta ahalik eta iradokizun gehien egin diezazkiguzuen”.

  • Edozein zalantza argitzeko, jar zaitezte harremanetan udaletxearekin, telefono zenbaki honetan: 943 741 050

Kudeatuz 2007-2011
  Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek lankidetza programa bat bultzatzen dihardute dute gure herrialdeko gobernantza sistema hobetzeko asmoz. Programa horrek bi xede nagusi ditu:

1. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007-2011 agintaldirako onartua duen Kudeaketa Planaren garapenari buruzko hausnarketa partekatu bat egitea, bereziki kudeaketa planak jasotzen dituen herrialdearen eginkizun estrategikoei buruz; eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahiz herrialdeko udalen arteko lankidetza instituzionalerako proposamenak egitea.

2.
Herrialde osoaren gobernantza sistema hobetzeko helburua duten programak bultzatzea. 2008rako programa hauek antolatzea daukate begiz joa:

a. Eskualdeen garapena bultzatzeko azterlanak.
b. Udaletan herritarren partaidetza instituzionalerako planak bultzatzea.
c. Udaletan politika publikoen ebaluazio planak bultzatzea.