‘Ezekiel’, Jasone Osororen azken eleberria

elgoibarren.net 2009ko urr. 15a, 14:26

 
Nerabezaroko kezkak aztertu ditu Jasone Osorok ‘Ezekiel’ eleberri berrian. 14 urteko mutiko baten bizipenetan oinarritutako lana da eta, batez ere, 13 urtetik gorako irakurleei zuzenduta dago Elkar argitaletxearen eskutik (Taupadak 27 deritzon bilduman dago) kaleratu berri duen eleberria.

 
   


 Bi urte pasatu dira Jara; Jara bikiak eta bikoteak eta Jara Bartzelonan eleberriak argitaratu zituenetik, eta honako hau gazte literaturako bere laugarren lana da. Aurreko biak idazteko, neska nerabe baten bizipenetan oinarritu zen, eta oraingoan, berriz, 14 urteko mutiko baten ilusio, fantasia eta buruhausteetan.

1706640094873 ‘Ezekiel’, Jasone Osororen azken eleberria

 Ezekielek hamalau urte ditu. Etxean amarekin eta arrebarekin bizi da, emakumez inguratuta. Aitak etxetik alde egin zuen, eta ez du hartaz oroitzapen askorik. Hamalau urteko mutil gehienek bezala, bizitza bi partetan banatuta dauka; batetik etxeko istiluak daude, eta bestetik kanpoko giroa: eskola, lagunak, koadrilaren lokala eta ... neskak. Neskek buruhausteak ematen dizkiote, etxe barruan eta kanpoan. Ezekielen koadrilako inork oraindik ez dio musurik eman neska bati. Eta denak amorratzen daude. Izan ere, abentura handia da lehenengo musua ematea. Horri erremedioa jarri nahian apustua egingo dute, ea zeinek lortu lehenago. Horrek zeresan handia emango die lagunartean.

 Jasone Osorok prentsan eta telebistan egin du lan. Literaturan bi ipuin liburu idatzi ditu: Tentazioak eta Korapiloak. Nobela bat: Greta. Biografia bat: Isadora Duncan. Eta gazte-literaturan hiru nobela: Jara; Jara, bikiak eta bikoteak eta Jara Bartzelonan.