•Elgoibartik Malagara. Zer dela eta hartu zenuen erabaki hori?
Lau urtez arte dramatikoa ikasten jardun nuen, eta ondoren, bi urte eta erdi ibili nintzen Deabru Beltzak antzerki taldean. Ez zen, baina, nik nahi nuen antzerki taldea. Oso antzerki mugatua da, eta ez ninduen erabat betetzen. Bi urte nahikoa izan dira. Asko ikasi dut, eta asko bidaiatu dugu, baina antzezle bezala, paper dramatikoak egitea ere nahi nuen. Gainera, nire neskalaguna andaluziarra da, eta Malagan egiten du lan. Berarekin joatea erabaki nuen. Deabru Beltzak laga nuen, baina ez antzerkia.
•Malagan ere antzerki munduan barneratzen saiatu zinen?
Bai. Antzerki talde profesionalen bila jardun nuen, baina ez daude asko Malagan. Hilabete pasa aritu nintzen curriculumak bidaltzen konpainia horietara, baina ez nuen erantzunik jaso. Horrelako taldeetan sartzeko casting asko egin behar izaten dira, eta emaitza oso gutxi jasotzen dira. Orduan, alde batera laga nuen ideia hori, eta neure proiektuak lantzen hasi nintzen.
•Zure obrak idazten dituzu?
Bai. Eskolan nenbilela ere idazten nituen obrak, eta hona iritsi aurretik banituen hainbat lan eskuartean. Horiei forma ematea erabaki nuen, modu profesionalagoan. Bestalde, Escenica izeneko mugimendu batean sartu nintzen. Kurtso oso onak egiten dituzte jende profesionalarekin, eta denetik lantzen dute: ahotsa, dramaturgia, kamera aurrekoa… Formatzeko eta jendea ezagutzeko balio dit. Baina lana behar nuen, eta zerbitzari lanetan hasi nintzen taberna batean. Orain sukaldari lanetan nabil.
•Euskal Herrian bezain ondo ez dela inon jaten diote. Malagan zer moduz jaten da?
Euskal Herrian bezala ez. Esango nuke Kantauri inguru guztian jaten dela oso ondo. Asturiasen eta Galizian primeran jaten da, baina hemen ez. Etxean ondo jaten dugu, baina kalean ez.
•Nolakoak dira andaluziarrak?
Oso itxiak! Topikoak dio oso irekiak eta alaiak direla, baina hori, fatxada besterik ez da. Alper fama daukate, baina hori klimaren ondorioa da. Bero handia egiten du, eta tenperatura handi horiekin olibak batzea, esate baterako, oso gogorra da.
•Antzerkira itzuliz, La Invisible izeneko mugimendu okupa batean ere bazabiltza.
Bai. Orain dela bi urte, sortzaile talde batek Malagako eraikin bat okupatu zuen. Gaztetxearen filosofia dauka, Euskal Herrian Gaztetxe bat izango litzateke hau, dudarik gabe. Sortzaile horiek behar batzuk dituzte, izan ere, Malagako kulturak bi adar besterik ez ditu lantzen: turismoa eta Picasso. Dena dago Picassori lotuta, edo bestela zezenketak dira protagonista. Sortzaile horiek zituzten beharrei erantzuteko Creadores Invisibles mugimendua sortu zuten. Inork ez ditu ikusten, horregatik jarri zioten invisible izena. Lau solairuko eraikina da, eta denetik dago bertan: musika kontzertuak eskaintzeko eszenatokia, ikastaroak egiteko lekuak… Argi ikusi nuen hor sartu behar nuela. La Invisible Band izeneko musika taldean sartu nintzen. Jende oso ona dago, eta hainbat proiektu sortu ditugu: jazz tailerra, swing, bosanova… Bestalde, bakarrizketa bat prestatzen ari naiz.
•Bakarrizketa?
Bai. Perkusio-jole bati kontatu nion bakarrizketa bat egiteko neukan ideia, eta berak musika egingo zidala esan zidan. Ni berba egiten ari naizela, berak musika jartzeak aukera zabalagoa eskaintzen du. Azkar eta ozen hitz egin dezaket, eta bat-batean gelditu. Kontrabaxua jotzen duen beste musikari bat ere sartu da proiektuan eta hirurok gaude obra prestatzen. Ez zaigu asko falta amaitzeko. Ordu erdiko antzezlan bat izango da, kafe antzokietan antzezteko prestatuta.
•Malagako Udalak nola hartu du okupazioaren gaia?
Gaizki. Hasieran eraikina uzteko ordena jaso genuen, baina negoziazioari ekin genion. Udaletxetik esan ziguten Malagako Diputazioak eta Andaluziako Juntak proiektua onartuz gero, gure egoera legeztatu egingo zutela. Orduan, jende mediatikoaren babesa lortzen saiatu ginen, eta besteak beste, Kiko Veneno, Dario Fo, eta Madrilgo Reina Sofia museoko zuzendaria gure alde agertu ziren. Diputazioaren babesa ere lortu genuen, baina Udalak negoziaketak eten ditu eta eraikina husteko agindua lortu du epaitegian. Kalera noiz bidaliko gaituzten zain gaude. Protestak egiten ari gara. Manifestazio handi bat egin genuen, baina ez dakit zeozertarako balioko duen.
•Antzerkitik bizitzea zaila da?
Oso gogorra da, jende oso ona dago eta denetik egiten jakin behar da. Ilusioak edukitzea ondo dago, baina hankak beti lurrean eduki behar dira. Satisfazioak ematen ditu antzerkiak, baina lan handia egin behar da. Deabru Beltzak taldearekin asko bidaiatu nuen. Bogotan (Kolonbia), esate baterako, 8.000 pertsonen aurrean antzeztu genuen, eta horrek ez dauka preziorik. Momentu horretan barrutik sentitzen dena ezin da hitzekin deskribatu. Mexikon ere ibili nintzen, Zacatecas ingurunean, eta Europan ere bai: Alemania, Holanda, Frantzia, Inglaterra… Kultura diferenteak ezagutzeko aukera izan dut.
•Publikoa asko aldatzen da herrialdeen arabera?
Bai. Askotan herri batetik bestera igartzen da diferentzia. Ingalaterran publiko hotza espero nuen, eta harrituta geratu nintzen. Ingalaterran antzerkia oso garrantzitsua da, eta publiko oso onarekin egin genuen topo. Nik ezagutu dudanaren arabera, Euskal Herrian eta Espainian oso atzeratuta gaude antzerkiari dagokionean. Publikorik hotzenetakoa Euskal Herrian aurkitu genuen Deabru Beltzak taldearekin.
•Elgoibarren ere izan zinen sanbartolomeetan (*ikus beheko bideoa). Zer sentitu zenuen?
Oso berezia izan zen Elgoibarren antzeztea. Nire herria zen, baina egun hartan kanpotik nentorren. Taldekoei esaten nien jende gutxi etorriko zela gu ikustera, Elgoibarren ez dagoela kale antzerkia ikusteko ohiturarik, eta gainera, jubilatuen egunean antzezten genuen. Baina dantza solteko txapelketaren ondoren, badirudi jendea kalean gelditu zela, eta Plaza Handia betetzen hasi zen. Antzeztera irten ginenean, Plaza jendez gainezka zegoen, eta kalera ere jende mordo batek jarraitu zigun. Sekulako arrakasta izan genuen. Gainera, nik jende guztia ezagutzen nuen, baina ni ez ninduen inork ezagutzen. Jende horren aurpegitik hamar zentimetrora egon nintzen, eta ez zekiten nor nintzen! Eta gainera, ondo pasatzen ari zirela ikusten nuen! Ikaragarria izan zen. Sentsazio oso arraroa izan zen, baina sekulakoa!
•Nondik datorkizu antzerkirako zaletasuna?
Egia esan, umetan sekula ez dut esan aktorea edo antzezlea izan nahi dudala. IMHn egin nuen goi mailako modulu bat, eta ondoren Goratu enpresan egin nituen praktikak, baina enpresa mundua ez zitzaidan gustatu. Ingeniaritza ikasten hasi nintzen ondoren, eta bitartean, zerbitzari moduan egiten nuen lan tabernan. Askotan, Karobi tabernan txisteak kontatzen hasten nintzen, eta denok barrez jarduten genuen. Behin, lagun batek antzerkia egin beharko nukeela esan zidan, baina nik pikutara bidali nuen. Niretzako antzerkia Lina Morgan eta Arturo Fernandez ziren, eta ez zitzaidan gustatzen. Baina pentsatzen hasi nintzen, eta akordatu nintzen txikitan beti zigortzen nindutela tontokeriak egiteagatik. Pailazo bat nintzen umetan. Behin, etxean nengoen porro bat erretzen, eta Extremoduro taldearen abesti bat entzun nuen: Ama y ensancha el alma. 'De pequeño me educaron para hombre adinerado, pero ahora prefiero ser un indio que un importante abogado. Hay que dejar el camino social alquitranado…'. Eta neure buruari esan nion, berriz jaio behar nuela. Ingeniaritza laga eta Arte Dramatikoa ikastea erabaki nuen.
•Nola hartu zuten etxean zure erabakia?
Hori izan zen zailena; etxean esatea. Ni beti ikasle txarra izan naiz, eta gurasoak pozik zeuden modulua amaitu eta Ingeniaritza egiten ari nintzelako. Erabakia hartu nuenetik etxean esan arte, bi hilabete inguru pasa ziren. Hasieran eztabaida txiki bat sortu zen, baina uste nuena baino askoz hobeto hartu zuten. Ez zitzaien gustatu, baina onartu egin zuten nire erabakia, eta gero eurak izan dira gehien lagundu nautenak.
•Non egin dituzu ikasketak?
Madrilgo arte dramatiko eskolan sartzen ahalegindu nintzen, baina sarrera probak oso gogorrak izan ziren. Antzerki munduko galdera asko zeuden, eta apur bat ikasi nuen arren, ez nekien ezer. Amak irratian entzun zuen Getxon antzerki eskola bat zegoela, eta probak egitera joan nintzen. Oso gaizki atera zitzaidan dena, baina zergatik nahi nuen antzezle izan galdetu zidatenean, konbentzitu egin nituen. Laugarren mailan nengoela Deabru Beltzak taldekoekin egin nuen castinga eta hartu egin ninduten.
•Batzuk Madrilera joaten dira arrakasta bila, eta zu Malagara.
Ni ez nintzateke Madrilera joango, eta nire lagun guztiei esaten diet ez joateko. Madril jungla basati bat da, eta hara ezin da probatzera joan. Madrilera oso seguru joan behar da, jendea buruz gain pasatu eta nahi duzun hori lortzera. Suerte bila bazoaz, jan egiten zaituzte. Azkenean, jende askok ilusioa galtzen du eta lanbide honetan ilusioa ezinbestekoa da. Ni casting bat egitera joan nintzen behin Madrilera. Jose Pedro Carrión etorri zen Arte Dramatiko eskolara; antzerki munduan oso pertsona inportantea da. Cirano de Bergerac antzezlana prestatzen ari zen, eta Madrilera joateko esan zidan, John Strasberg zuzendariaren aurrean proba egitera. Robert de Niro edo Harvey Keitel bezalako aktoreekin lan egin du zuzendari horrek, eta niretzako sekulako aukera zen. Casting itxia zen, eta Espainia guztitik 50 aktore joan ginen, bederatzi pertsonaia antzezteko. Bakarrizketa bat eta Sevillako Don Juan pertsonaiaren papera egin behar nituen eszena batean. Don Juan maiteminduta dago eta neska horren aita hiltzen du. Orduan aitaren fantasma agertzen zaio, eta beldurra pasatzen du. Paper hori egiteko, nire gorputzak beldurra pasatzen ikasi behar zuen. Bilbon bizi nintzenez, Artxandako bunkerretara joan nintzen gau batean lagun batekin. Kandela bat eta laban bat bakarrik nituen eskuetan. 45 minutu egon nintzen han barruan, beldurtuta, obrako testua esaten. Lagunari esan nion 45 minutu pasata ez banintzen irteten, deitzeko. Castinga baino bi egun lehenago, oraindik ez nengoen proba egiteko guztiz prestatuta, eta zeozer egin behar nuen. Zapatu gau batean mozkortu egin nintzen Elgoibarren, eta Olasoko hilerrira joan nintzen, goizeko 2:30ak aldean. Atea gainetik pasatu, eta hantxe egon nintzen. Benetako beldurra sentitu nuen, baina nire gorputza kontrolatzen ikasi nuen. Azkenean ez ninduten hartu, baina sekulako esperientzia izan zen.
•Kale antzerkia ala antzokian antzeztea gustatzen zaizu gehiago?
Ez nuke esango bata bestea baino gehiago gustatzen zaidanik. Kale antzerkian publikotik oso gertu antzezten da, ikusleen hatsa sentitu daiteke, eta kontaktu zuzena da. Antzokiak beste berotasun bat ematen du. Publikoaren gainean zaude, eta zuk kontrolatzen duzu erritmoa. Sentsazio diferenteak dira, baina biak ditut gustuko.
•Hemendik aurrera dituzun proiektuak?
Seguruenik sukaldari lana lagako dut, eta neure obrak prestatzeari ekingo diot buru-belarri. Bikotearekin hitz egin dut, eta bere babes guztia daukat. Berak ez dauka mundu honekin zerikusirik, anestesista da. Bera andaluziarra da, eta ni euskalduna; bera medikua eta ni antzezlea. Arraroa izan daiteke gure harremana, baina berak dioen moduan, “bera gorputzeko medikua da, eta ni arimarena”. Bere babesa edukitzea oso garrantzitsua da niretzat. Aurrera begira, bakarrizketa, umeentzako obra bat eta nagusientzako beste lan bat ditut eskuartean. Lan horiek idatzi eta zuzentzea gustatuko litzaidake. Obra bakoitzak dituen beharren arabera osatuko dut taldea.
- BIDEOA: 2008ko San Bartolome jaietan Deabru Beltza taldeak eskaini zuen ikuskizuna