Behar bereziak dituzten haur zein nerabeek zenbait zerbitzutan parte hartu ahal izateko zailtasunak zituztela konturatu ziren Udaleko Gazteria, Ongizate eta Kiroleko Sailak orain urte batzuk. Behar bereziak dituzten ume kopurua zehaztea izan zen lehen zeregina. Ikastetxeekin harremanetan jarri ondoren, 25 bat haur inguru zeudela egoera horretan egiaztatu zuten. Guraso zein haurrekin bilerak egin eta gero, beraientzako prestatutako lehen ekintza bat antolatu zuten, igeriketa ikastaroak, alegia. Haurrak ebaluatu eta beraien beharrak definitzeko aukera eduki zuten bertan. Kirol arloan eta aisialdian lan egin zezaketela ondorioztatu zuten eta Gaztelekua, ludoteka eta udal kirol instalakuntzak behar bereziak dituzten haurron beharretara egokitzea erabaki zuten.
Kirolari dagokionez, haurrak ezagutzeko ur jarduerak antolatu zituzten uztailean. Aurrerantzean, kirol anitzak (futbola, eskubaloia, padela,…) egiteko aukera edukiko dute behar bereziak dituzten haur zein nerabeek. Horretarako Kirol Patronatuaren ardurapean dauden instalazio guztiak izango dituzte euren eskura. Momentuz, zazpi haurrek eman dute izena, 6 eta 11 urte bitartekoak, eta hiru taldetan banatu dituzte. Bi monitore eta laguntzaile bat arduratuko dira haurren trebetasun fisiko zein kognitiboak garatzeaz. Bestalde, nerabeen (14-16 urte) talde bakarra osatu da, oraingoz, eta hiru lagunek osatzen dute. Kirol ezberdinak ezagutu eta bakoitzaren oinarriak ikasiko dituzte horiek. Udalak, kirol federazioak eta gurasoek finantzatuko dituzte jarduerok erdibana. Honelako programak Zarautz, Hondarribia eta Donostian bakarrik daudela martxan adierazi dute udal arduradunek.
Aisialdiari dagokionez, nerabe batek eman du izena ludotekan eta sei umek gaztelekuan. Heziketa berezian aditua den hezitzaile bat arduratuko da haur horiei gainerako haur zein nerabeekin harremantzako aukerak eskaintzeaz.
Kirol eta aisialdiko eskaintza guztiak elgoibartarrei edo Elgoibarren ikasten diharduten umeei eta nerabeei zuzenduta daude.
Aisialdiari dagokionez, nerabe batek eman du izena ludotekan eta sei umek gaztelekuan. Heziketa berezian aditua den hezitzaile bat arduratuko da haur horiei gainerako haur zein nerabeekin harremantzako aukerak eskaintzeaz.
Kirol eta aisialdiko eskaintza guztiak elgoibartarrei edo Elgoibarren ikasten diharduten umeei eta nerabeei zuzenduta daude.
*Lehen argazkia: Javier Arcenillas