Airetik gauzak “oso diferente” ikusten direla dio Manu Sanchez pilotuak. Bera eta bere moduan dabiltzan askoren inspirazio iturri den Yann Arthus-Bertrand argazkilari frantziarrak eginiko lan txundigarria ikustea besterik ez dago dioenaz jabetzeko. Airetik ateratako erretratuak egiteko zerbitzua eskaintzen du Manuk lan egiten duen Air Quality pilotu eskolak. Lan batzuk, beraz, enkarguz egiten ditu, baina bere esanetan, “nire gustuko argazkiak egiteko ere aprobetxatzen dut hegaldia”. Azken honen adibide dira Elgoibar airetik gurutzatzen zuen bitartean atera duen argazki sorta.
Erretratuok ateratzeko, 3.000 oineko altueran ibiltzen da normalean, hau da, lurretik kilometro batera, gutxi gorabehera. Hala ere, 9.000 oinetara ere iritsi izan da noizbait, erretratu konkreturen bat egiteko. Bakarrik joaten da gehienetan, eta ez dauka pilotu automatikorik. Berak kontatu du nola moldatzen den erretratuak egiteko: “Pedalak oinekin kontrolatzen ditut, eta mandoa belaunekin. Beharrezko inklinazioa ematen diot hegazkinari, leihoa zabaldu eta argazkia egiten dut”. Sekula ez du sustorik eduki: “Noizbait txoriren bat sartu izan da motorrean, baina berehala birrintzen dira”.
- Ikus hemen: Airetik ateratako Elgoibarko erretratuak (mediateka)
Jatorrizko tamaina eta bereizmenean eskuratu ditzakezue argazkiok, nahi izanez gero, 30 euroren truke. Eskatu zeurea honako telefonora hots eginez: 943 744 112 edo, honako e-postara idatziz: elgoibarren.net@elgoibarkoizarra.com
Gogoratu nahi dizuegu, bestalde, BARREN astekarian edo elgoibarren.net atari digitalean argitaratzen diren erretratuak erosteko aukera ere badaukazuela (erretratu bakoitza 2 euro).