Gotzon hobeto ezagutzeko bidaia

Elgoibarko Izarra 2009ko urr. 22a, 08:46

Gotzon Garateren bizitza eta lana hobeto ezagutzeko bidaia izan zen atzokoa. Miel Anjel Elustondo idazle eta argazkilari azpeitiarra izan zen pilotua, eta Iñaki Lasa irakaslea kopilotua. Eta bidaiaz disfrutatzeko ilusioz, berriz, 60 lagun igo ginen Kultur Etxeko hegazkinera.

 
 Airera igo eta berehala, Gotzon bere familiaren epelean zelan egoten zen erakutsi ziguten Miel Anjelek eta Iñakik; aurrerago, berriz, Gotzoni euskararen sugarra noiz eta zelan piztu zitzaion ikusi genuen; gero, Gotzon jesuita ezagutu genuen, eta 31 urterekin apaiz egin zeneko unea ere bai; lehen artikuluak zelan eta non idatzi zituen ere jakin genuen, eta bere liburuak  ezagutu genituen; baserriz baserri ere ikusi genuen, eta baserritarrei Gotzonek zor zien miresmenaz jabetu ginen; Deusturen gainetik ere pasa ginen, eta han ikusi genuen Gotzon ikaslez inguratuta; amaiera aldera, Gotzon han eta hemen sumatu genuen euskaldunon esker onak eta omenaldiak jasotzen, pozik, denei eskerrak emanez; eta hegazkinak lurra hartu aurretik, Loiolatik pasa ginen. Han dago Gotzon orain, berak amesturiko zeruan: “Nik zerua nola izango den pentsatzen dudanean, Suitza bezalakoa izango dela pentsatzen dut. Hango edertasuna, hango txukuntasuna, hango ordena zoragarria!”     

1706640084395 Gotzon hobeto ezagutzeko bidaia

1706640084427 Gotzon hobeto ezagutzeko bidaia

1706640084490 Gotzon hobeto ezagutzeko bidaia

1706640084552 Gotzon hobeto ezagutzeko bidaia


  Polita izan zen; edarra. Atzera begira jarri eta, 45 minutuan, 74 urteko bidaia egin genuen. Gotzonek mundu honetan egin duen bidaia bera, hain zuzen ere. Bi pilotuak emozionatu ere egin ziren hegazkina geratu zenean, baina bidaia ederrenak ere hasi eta amaitu egiten dira. Hori bai, Miel Anjelek idatzitako Gotzon Garate Goiartzun (1934-2008) liburua besapean genuela hartu genuen etxerako bidea. Bidaia amaitu zen, baina Gotzonek gure artean segitzen du.
BIDEOA: Atzoko bidaiara etortzerik izan ez zenutenok, hemen daukazue harekin disfrutatzeko aukera:
{vimeo}7191064{/vimeo}*Bideo-lanak: Aitor Lauzirika
Juan Martin Elexpuru, urriaren 28an

1706640084604 Gotzon hobeto ezagutzeko bidaia

 
 Gotzonen omenez prestatu dugun hitzaldi-zikloarekin segituz, datorren asteazkenean, urriak 28, Juan Martin Elexpuru bergararra etorriko da gurera. “Euskararen jatorria, zalantza artean igerian” izango da haren hitzaldiaren izenburua. Hitzaldia Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita.