Trenbideko mantenu obrak amaitzear daudela jakinarazi dute ETSko arduradunek

elgoibarren.net 2009ko urr. 22a, 14:55

{vimeo}7261496{/vimeo}Urriaren 5ean hasi zituzten trenbideko mantenu obrak, harriak eta egurrezko trabesak berritzeko. Lan horiek gauez egin dituzte, eta estazio inguruko bizilagunak lorik egin ezinda egon dira azken asteotan. elgoiBARREN.net atari digitala Eusko Trenbide Sareak (ETS) enpresako arduradunekin jarri da harremanetan, eta lanak amaitzear daudela adierazi dute. BIDEOAN: jasan behar duten zarataren lekuko, auzotar batek goizaldean grabatutako bideoa hau helarazi du BARRENeko erredakziora.

  ETSko arduradunen esanetan, datorren astean ez dute lanik egingo, baina azaroaren lehenengo astean bai. Astebeteko atsedenaren ondoren, hiru egunetan makina bateatzailea pasatuko dute, trenbideari azken ukituak eman eta bere lekuan kokatzeko. Aurreratu dutenez, makina horrek zarata handia egiten du, “baina egin beharreko lana da”, gaineratu dute. Badakite gauez lan egiteak auzotar asko aztoratzen dituela, alabaina, euren ustez, kalte gehiago sortzen dira egunez, tren zerbitzua eten egin behar delako.

Auzotarren amesgaiztoa

1706640083824 Trenbideko mantenu obrak amaitzear daudela jakinarazi dute ETSko arduradunek

 Trenbide kaleko eta San Roke auzoko bizilagun bat baino gehiagoren kexak jaso ditu elgoiBARREN.netek azken asteetan trenbidean gauez egiten ari diren lanak direla-eta. Lanak gaueko 22:00ak inguruan hasi eta goizaldera arte luzatzen direla diote auzotarrek.
 Zarataren erruz behar bezala lo egiteko zailtasunak izan dituzte, batez ere, trenbide aldera logelak dituzten bizilagunek. Eta noski, euren osasunean eta egunerokoan igarri dute lo egin ezinak sortutako kaltea. Euren kexua adierazteaz gain, norbaitek neurriak hartu beharko lituzkeela uste dute: jarraipen bat egin, auzotarren ongizateaz kezkatu eta beharrezkoa bada baita zarataren neurketa bat egin ere; sortutako dezibelioek legeak onartzen dituenak baino altuagoak diren edo ez jakiteko. Auzotarren eskubideak babestearen ardura, Udalari dagokiola uste dute batzuek baina, horrelako egoera baten aurrean galduta, nora jo behar duten jakin gabe, sentitu direla ere aitortu dute. Amaitzeko, gogora arazi nahi dute, beraiei bizitzea tokatu zaien "amesgaizto" hau, beste bati toka dakiokeela hurrengoan.