100.000 euroko dirulaguntza eman dio Kutxak Ongizate Sailari

elgoibarren.net 2009ko urr. 23a, 10:04

 
Kutxak Udalari eman dion 100.000 euroko dirulaguntzari esker, Eguneko Zentroko erabiltzaileentzako furgoneta bat (35.000 euro) eta San Lazaro egoitzarako motordun 38 ohe (65.000 euro) erosi ahal izango dira.

 


 Eguneko Zentroko erabiltzaileak etxetik zentrora eta zentrotik etxera eramateko erabiliko dute furgoneta berria. 35.000 euro balio ditu furgonetak eta Kutxak osorik finantzatuko du. Bestalde, “datorren Gabonetarako” zerbitzua emateko moduan egongo dela furgoneta aurreratu du Alfredo Etxeberriak.

 San Lazaro egoitzako ohe zaharrak ordezkatuko dituzten motordun ohe berriak ere, 38 guztira, urtea amaitu baino lehen erabiltzeko moduan egongo direla adierazi du Begoña Mugertzak, egoitzako arduradunak. Honakoa ez da Kutxak San Lazaro egoitzari eman dion estreinako dirulaguntza. Iaz ere 30.000 euroko dirulaguntza eman zion aurrezki kutxak zaharren egoitzari, motordun beste hamar ohe erosteko erabili zirenak. Eta, 2006an ere beste 50.000 euro eman zizkion Kutxak San Lazaro egoitzari. Aurrekari horiek aintzat hartuta, Kutxak ongizate zerbitzuetako azpiegiturak hobetzeko egin duten ahalegina eta erakutsi duen konpromisoa goraipatu eta errekonozitu du Etxeberria alkateak.

 Kutxak eta Udalak atzo sinatu zuten lankidetza hitzarmena. Aurrezki kutxa ordezkatuz, Kutxak Elgoibarren duen sukurtsaleko zuzendaria, Gorka Furones, eta Sabin Unzetabarrenetxea izan ziren. Bestalde, Udala ordezkatuz, Alfredo Etxeberria alkateak eta Elo Zubiaurre Ongizate Saileko arduradunak parte hartu zuten sinadura ekitaldian (goiko argazkian).

  *Argazkia: Aitor Zabala.