Bi lagun atxilotu dituzte Elgoibarko lokutorio batean lapurreta egiteagatik

elgoibarren.net 2009ko urr. 27a, 09:49

 
Lapurreta, iruzurra, mehatxuak eta askatasunaren aurkako delituak leporatzen dizkie Polizia Nazionak Donostian atxitotu dituen bi lagunei: Mian W.A., 31 urtekoa eta Mirza T.H., 32 urtekoa, pakistandarrak biak. Ustez Elgoibar eta Bergarako lokutorio banatan egindako delituak dira guztiak.

 
 
 Polizia Nazionaleko Mugetako eta Atzerritartasun Brigadako agenteek Elgoibarko lokutorio batetik diru kantitate handiak bidaltzen ari zirela ohartu zirenean hasi zen polizi ikerketa. Polizia Nazionaleko iturriek jakinarazi dutenez, Tele-giros izeneko enpresaren bitartez diru kantitate oso handiak bidaltzen zituzten ustezko iruzurgileek.
 
 Poliziako agenteak lokutoriora bertaratu eta jabearen lekukotzari esker, lokutorioa itxita egon zen bitartean 13.500 euroko balioa duten igorpenak egin zituztela bertatik jakin zuten. Dirudienez, ustezko iruzurgileek aurrez lapurtu zituzten giltza batzuk erabili zituzten lokutorioan sartu eta, bertako kode sekretuaren jabe eginda, 14 igorpen egiteko. Tele-giros enpresak, orain, lokutorioaren jabeari eskatzen dizkio ustezko iruzurgileek 14 igorpen horietan bidali zituzten 13.500 euroak. Gaizkileek 600 euroko balioa duten telefono txartelak eta kutxa erregistratzailetik beste 200 euro ere lapurtu zituzten eta baita Pakistanera deiak egin ere. Gainera, ustezko lapurrek, Bergarako beste lokutorio batean ere antzera jokatu zuten. Orotara, Elgoibar eta Bergarako lokutorioetan egindako iruzurrak batuz, 18.500 euroko igorpen faltsuak egin dituzte.
 Bi atxilotuak, Pakistanen jaioak, Seguran bizi dira, eta biak ala biek aurrekari penalak dituzte; mehatxu larriak egiteagatik eta erasoak egiteagatik.