Zalantza artean igerian

Elgoibarko Izarra 2009ko urr. 29a, 13:02

Zalantza artean igerian jardungo genuela agindu zigun Juan Martin Elexpuruk. Hasteko, zera aitortu zigun idazle bergararrak: Elgoibartik jasotako gonbiteari baietza eman ziola, baina asko pentsatu gabe egin zuela. Gotzon Garateren omenez zelako egin zuela. Izan ere, gai zaila da mahai gainean jarri geniona, eta oso nekez eman ahal zaio argia hain aspaldikoa den gai ilun bati.

1706640079085 Zalantza artean igerian

 Baina ogi gogorrari hagin zorrotza sartu behar zaionez, Kultur Etxeko hitzaldi gela leporaino beteta zegoela ekin genion hitzaldiari. Euskararen jatorriaren azalpena, beste gauza askorena moduan, Biblian egon da XIX. mendera arte. Haren arabera, Tubalek ekarri zuen euskara penintsula iberiarrera. Baina Juan Martinek hori baino sakonago arakatu nahi du, eta, hasteko, gizakiaren eboluzioari erreparatu zion. Egungo gizakia duela 150.000 urte sortu omen zen Afrikan, eta Europara, berriz, duela 40.000 urte etorri zen. Azken glaziazioaren ondoren (duela 18.000 urte), penintsula iberiarraren iparraldean halako babesleku moduko bat omen zegoen, eta han bizi zirenek zer hizkuntzatan hitz egiten zuten sekula jakingo ez badugu ere, euskaraz egiten zutela esateko motiboak badaudela esan zigun Juan Martinek.

1706640079162 Zalantza artean igerian

Elexpururen ustez, euskara hemen bertan sortu zen; ez zen beste tokiren batetik iritsi. Europan zehar, adibidez, euskal toponimia mordo bat aurki daiteke, baina hau ez da harritzekoa izozte-aroan gertatu zen migrazioa kontutan hartzen badugu. Honen adibide dira, esaterako, ur, aran eta ibai bezalako berbak; Europa osoan omen daude zabalduta. Halaber, benetan kuriosoa izan zen Italiako iparraldean dauden herri batzuen zerrenda eman eta, asko eta asko, hemengo herrien izenak zirela ikusi genuenean: Alza, Alzate, Arabba, Orio, Zalla, Zumaglia ... Gero, duela bi mila urte euskararen lurraldea zein izan zen erakutsi zigun: Iparraldera, ia Bordeleraino iristen zen; hegoaldera, Zaragozaraino; mendebaldera, Laredoraino; eta, azkenik, ekialdera, Andorraraino. Ez daukagu gaur orduko konturik!

1706640079253 Zalantza artean igerian

Salaketa txiki bat ere egin zuen Juan Martinek: bere ustez, Euskal Herriko Unibertsitateak ez du euskararen jatorria ikertzen. Beste kontu batzuetan dabil (fonetika kontuetan, adibidez), eta, ondorioz, etxekook egiten ez dugunez, kanpoko filologoek eta genetistek dihardute euskararen jatorria ikertzen.
  Latinaren eta euskararen arteko harremanaren gainean ere jardun zuen filologo eta idazle bergararrak. Bere esanetan, egia da euskarak berba asko hartu dituela latinetik, baina oinarrizko hiztegian (hartu, eman, jan, edan, burua, eskua ...) jendeak uste duena baino mailegu gutxiago omen ditugu. Gainera, kasu askotan, ez dago ziurtatzerik euskarak hartu dituen berbak latinetik, ala latinak guretik. Hala ere, latinetik hartutako hitzen proportzioa edozein izanda ere, ez dugu zertan lotsaturik; ez dago mailegurik gabeko hizkuntzarik.

1706640079288 Zalantza artean igerian

 Eta kontu gehiago ere aitatu zizkigun, baina, behar bada, hitzaldiak amaiera aldera jo zuen gaina. Iruña Veleiako ostrakak bistaratu zirenean, hain zuzen ere. Eta honen bueltan luzatu ginen ia bederatziak arte. Iruña Veleiako ostrakak azaldu zirenetik, haiek benetakoak ala faltsuak diren eztabaidatzen dihardute filologoek, arkeologoek, historialariek eta antzerakoek. Urak nahas-mahas datoz, politika ere tartean sartu da, eta Juan Martin ere bete-betean harrapatuta dago eztabaida honetan. Berak benetakoak izan daitezkeela defendatzen du, baina, esan bezala, ez dauka bakerik kontu honetan. Gai honen gainean esan zituenak irakurtzeko, hitzaldian gurekin egon zen Hasier Etxeberria idazle eta kazetari elgoibartarraren kronika irakurtzeko gonbitea luzatzen dizuegu: Veleia, Elexpuru eta profanook

 Berandutu egin zaigu. Igeri egiteari laga eta lurrera bueltatzeko ordua da. Zalantza artean jardun dugu, eta, behar bada, aurrerantzean ere berdin segitu beharko dugu. Iragana ez dugu ezagutzen, eta etorkizunari erreparatuta ere, argia eta iluna elkarren ondoan sumatzen ditugu. Baina, zalantza guztien gainetik, bagara; eta atzo izan ziren; eta, nahi badugu, bihar ere izango gara.

 Hitzaldia oso-osorik ikusteko, Aitor Lauzirikak grabatutako bideoa daukagu:

BIDEOA:
{vimeo}7339653{/vimeo}