Eloisa Zubiaurre Gizarte Ongizate eta Osasun arloko zinegotziak emandako datuen arabera, Olasoko hilerrian 1.149 nitxo –416 lurrazpiko nitxoak- eta 175 panteoi daude. Horietatik 13 panteoi eta 153 nitxo daude libre, baina lurrazpiko nitxo guztiak hartuta daude une honetan. Udal arduradunek, hala ere, ez dute kanposantua txiki geratuko den arriskurik ikusten. Izan ere, ez dago nitxoak jabetzan erosteko aukerarik, urte jakin batzuetarako kontzesioak egiten dira. Hamar urterako alokatzeak 222,69 euroko kostua dauka eta 99 urterako alokairu luzeagoak, berriz, 1.571,59 eurokoa. Kontzesio luzeenak lurrazpiko nitxoei dagozkienak dira eta, une honetan, denak hartuta daude. Kontzesioa amaitutakoan ez dago luzatzeko aukerarik. Hortaz, nitxoak hustu behar dituztela jakinarazten die Udalak senideei. Lau aukera dituzte:
- Gorpuzkiak ohiko hilobira eraman (hobi komunera).
- Errausteko erreserbatu.
- Beste nitxo batera pasatu (beste senide batek lurperatuta egon behar du) edo sendikoen panteoira eramateko erreserbatu.
- Beste herri edo hiri batera eramateko erreserbatu.