Kanposantuko zartaduren erantzulea Udala dela salatu du ezker abertzaleak

elgoibarren.net 2009ko urr. 30a, 14:28

 
Ezker abertzaleak Olasoko kanposantuaren sarrerako arkuan agertu diren zartadurak eta Udal agintarien sentsibilitate falta salatu ditu. 1459koa da arkua, eta Olasoko errotonda egiteko obren ondorioz kalteak jasan ditu. Azaroaren 1ean, domekan, Domusantu eguna izango da, eta ordurako konpontzea espero dute udal ordezkariek.


1706640077776 Kanposantuko zartaduren erantzulea Udala dela salatu du ezker abertzaleak

 Herriko eraikuntza historiko "nabarmenena", Olasoko kanposantuaren arkua, “apurtu” dutela salatu du Elgoibarko ezker abertzaleak. “Ataria ez da berez erori, Udalak inguruan hurbilegi eragin duelako baizik”. Patrimonioaren kontrako erasotzat jo dute eta agintarien sentsibilitate falta nabarmendu nahi izan dute. Arkua dagoen muinoaren inguruak jan egin dituztela salatu dute, “enpresak, errepideak edo errotondak egiteko” eta, “azken erasoaren ondorioz”, lurrak mugitzen hasi eta dardarka hasi dela Olasoko ataria. “Seiehun urtetan, harri hauek, bata bestearen gainean, ezer gabe -ez zementurik, ez argamasarik- iraun dute. Orain, ostera, silikonaz eta zementuz bete beharko dituzte, behera etorri ez dadin”.

 Bestalde, kanposantu azpiko orubean hainbat tona zementu injektatu behar izan dituztela ere salatu dute: “Hilerri azpia erabat hutsa omen zegoela komentatzen zuten langileek eta jakin ahal izan dugunez kanposatuak eusteko injektatu dute zementoa orubean”. Hainbat galdera laga dituzte airean: "Zer ote zegoen muino azpian? Non daude arkeologoak? Non eragin aurreko ikerketak? Zer bete dute hainbeste zementorekin? Nor da bidegabekeria honen erantzule?".