Zerga gehienak izoztuko ditu Udalak

elgoibarren.net 2009ko urr. 30a, 15:16


Tasen alorrean salbuespen batzuk egon arren, 2010erako zergak ez igotzea erabaki du Osoko Bilkurak. EB-Aralar alderdiak bakarrik eman zuen aurkako botoa.

 
 

 Zaborren gaineko zerga izango da gehien igoko dena, %6,40 igoko baita, Debabarreneko Mankomunitateak Udalari igoko dion kopuru bera, hain zuzen ere.
Hilerriari dagokionean, kontzeptu batzuk izoztu egin dituzte, baina beste batzuk %10,46 igoko dira.
 Kirol Patronatuko tasa batzuk ere igo egingo dira (%2 eta %12 bitarteko igoerak), baina langabetuei %50eko deskontua egingo diete. Udal arduradunen esanetan, beharrezkoa da prezioa igotzea, “kirol ekipamenduak hobetzeko aurreikusitako inbertsioei aurre egiteko”.
 Taberna eta jatetxeek terraza jartzeagatik metro koadroko 5,63 euro ordaintzen zuten orain arte, eta aurrerantzean 15 euro ordaindu beharko dituzte. EAJ-EA eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen hori guztia, baina sozialistek KPIaren gainetik igotzen diren tasen kontra bozkatu zuten. EB-Aralarrek kontrako botoa eman zuen. Euren ustez, ordenantzak aurrekontuekin batera landu behar dira. Bestalde, Bittori Zabala Ogasun Saileko zinegotziak aurreratu zuenez, datorren urteko aurrekontuak prestatzeko zailtasunak izango dituzte.