Emakumeek zuzendutako lau film eskainiko dituzte ‘Emakumeak’ zikloaren barruan, azaroko eguenetan, hilaren 5ean hasita. Gainera, azaroaren 12an eta 26an hizlari bana etorriko da, eta zine-forum saioa egingo dute.
Emanaldiak, ohi bezala, Herriko Antzokian izango dira, 21:30ean.
•Cosas insignificantes (Mexiko)
Zuzendaria: Andrea Martinez.
Sinopsia: Andrea Martinez mexikarraren lehen film luzea da Cosas insignificantes. Harreman pertsonalez eta komunikatzeko arazoez dihardu eta objektu hutsaletan gordetako bizitza azaleratzen da.
Filmak egurrezko kaxa batean gordeta dauden hiru objektu hartu ditu abiapuntu gisa. Horiek oinarri hartuta, objektu horien jabeak izan zirenen esperientziak gurutzatuko dira. Andrea Martinezek balio emozionala duten objektuek erakartzen dutela adierazi du. Izan ere, bere hitzetan giza esperientziek ematen die gain balioa objektuei. Informazio gehiago: eitb; aurrerakin ofiziala youtuben.
•Frozen River (AEB)
Zuzendaria: Courtney Hunt.
Sinopsia: Immigrazioa gai nagusi duen drama da Zinemaldian saritutako 'Frozen River' filma. Amerikako Estatu Batuen eta Kanadaren arteko mugan filmatua, erreserbetan bizi diren indigenen eta amerikar zurien arteko inkomunikazioa kontatzen du filmak, jatorri arras desberdineko emakume biren bizitzaren bitartez. Patuak elkartuko ditu Ray (Melissa Leo) eta Lila (Misty Upham), egoeraren makurtasunak, premiaren gogortasunak. New York estatuan, aurrez fabrikatutako etxez osaturiko auzo txiro batean bizi da Ray. Senarrak etxetik alde egin du, eta aurreztutako sos apurrak eraman ditu, emaztea seme-alaba txikiekin bakarrik utzita. Informazio gehiago: berria.info; aurrerakina euskaltuben
•El niño pez (Argentina)
Zuzendaria: Lucia Puenzo.
Sinopsia: Lala nerabea Buenos Airesko auzo aberats batean bizi da. Bere etxean lan egiten duen Guayi paraguaiarraz maiteminduta dago. Lalaren aitaren hilketaren ondoren, Buenos Airestik Paraguairako bidea hartuko du Lalak. Ikusi hemen: Filmaren aurrerakina.
•La teta asustada (Peru)
Zuzendaria: Claudia Llosa.
Sinopsia: Bular izutua du Faustak (Magaly Solier aktorea), Peruko gerran bortxaturik izan ziren emakumeek edoskitzaroan beren alabei transmititzen dieten eritasuna. Gerra aspaldi bukatu zen Perun; baina Faustak egunero du gogoan: bere gorputzean darama gerraren izua, ia sortzetik beretik. Beldurraren gaixotasunak arima ostu dio. Bere amaren bat-bateko heriotzaren ondorioz, barruko beldur eta zalantzei aurre egin behar izango die Faustak. Gorputzaren barrenean gorderik duen sekretuari. Patata bat sartuko du baginan, bere burua eta gorputza babesteko nolabait. "Nazkak soilik geldiaraz baititzake nazkagarriak", pentsatuko du. 2009ko Berlinalek Urrezko Hartzarekin saritu duen La teta asustada filmak, Claudia Llosa zinemagile perutarraren bigarren pelikulak, beldurretik askatasunera eginiko bidaia kontatzen du. Emakume gazte baten ahaleginak erakusten ditu, terrorea bazter utzi, eta bizitza berri bati ekiteko, ebatsitako nortasuna berreskuratzeko eta aurrerapausoak emateko. Informazio gehiago: berria.info