Ez goaz norabide zuzenean

Elgoibarko Izarra 2009ko aza. 5a, 15:00

Oraingoan ere hitzaldi gela bete egin zen; 65 lagun inguru arrimatu ziren Kultur Etxera Jon Sarasua ikusi eta entzuteko. Eta, gainera, badakigu Internet bidez ere jende dezentek segitu zuela aretxabaletarraren hitzaldia (beherago daukazue hitzaldi osoa bideoan ikusteko aukera). Pozik egongo da Gotzon bere omenez prestatu dugun hitzaldi-zikloa izaten ari den estimazioarekin.


1706640051855 Ez goaz norabide zuzenean

 Hitzaldiaren izenburua: “Euskaltasunaren norabideaz oldozpen batzuk”. Eta Jon Sarasua hogei urtean bertsolaria izan delako edo, hitza izan zen hitzaldia borobiltzeko erabili zuen ia erreminta bakarra. Zikindutako zortzi orri mahai gainean zituela, koadro inpresionista bat margotzen hasi zen; inprobisatzen, bertsolariak moduan.
Sei kolore edo berba hautatu zituen Jonek euskaltasunaren egoera eta norabidea margotzeko:

Arrangura: 
Arrangura, kezka, molestia, ardura ... Euskaltasunaren egoeraren eta norabidearen gainean Jonek sentitzen duena adierazteko berbak dira. Eta arrangura honetatik abiatuta egin zuen hitzaldi osoa. Fundamentu gutxirekin gabiltzala esan zuen hasiera-hasieratik, eta gure nortasuna ez dugula batere landu ere aitatu zuen. Jonen ustez, herri honetan “mikrofonoa” edozeinek hartzen du, eta, gainera, edozer esaten da. Eta, bere ustez, euskararen gainean ez du edozeinen iritziak balio. Pentsamendu eta jakintza eskasa daukan jendearen iritziak nagusitzen dira gurean, eta, ondorioz, eztabaidaren erdigunean ez dago euskara, bestelako interesak baino (politikoak, nagusiki). Honi buelta eman behar zaio, eta, horretarako, jakintzari eman behar zaio pisua. Jakintza eta pentsamendua jarri behar ditugu erdigunean, nora eta nola goazen jakiteko.
Atal honekin amaitzeko, zera galdetu zigun: “Ez al gaude ilunaldi batean?” Euskaltasuna ilunpean ikusten du Jonek. Argi izpiak badaude, dudarik gabe, baina indar gutxi dute, eta ez dira, adibidez, politikoen eta idazleen artean errotu.  
 
Sustraiak:
Aspaldi honetan, zalaparta handia sumatzen du Jonek gure sustraien gainean dihardugunean. Ez gara ados jartzen, eta, gainera, ulertzen ez duen agresibitatea nagusitzen da jendearen artean. Honen adibide moduan, Iruña Veleiarekin pasatzen ari dena jarri zigun.

Zer jaso dugu gure aurrekoengandik? Batzuen ustez, hizkuntza bat baino ez dugu jaso (komunikazio kodigo bat), eta honi baino ez diogu erreparatu behar. Beste batzuen ustez, berriz, hizkuntzarekin batera, elementu kulturalak ere jaso ditugu; izateko eta bizitzeko modu bat, eta hau ezinbestean ezagutu eta zaindu behar dugu. Jonen iritziz, gure sustraiak ezin ditugu ukatu, baina ez dugu haien bila antsietatez jardun behar. Jonen ustez, bi jarrera hauek konplexu beraren bi aurpegiak dira, eta bere gorputzarekin gustura ez dagoen nerabeari gertatzen zaion moduan, gure herria heldutasunera iristen denean gaindituko ditu konplexuok.
 
Jarraidura eta irekiera:
Gure euskaltasuna ulertzeko bi hitz klabeak dira jarraidura eta irekiera. Jarraidura, edozein gizakik daukan oinarrizko sena da; edozein gizakiren edo gizarteren funtsezko ariketa bat.  Gure aurrekoengandik jaso dugunari eutsi eta gure ondorengoei ematea izango litzateke, motz-motz esateko, jarraidura. Euskal Herriak, neurri handi batean, jarraidurari esker eutsi dio bere izaerari. Herri eta hizkuntza handiek garrantzia hedapenari eman dioten bitartean (lurraldeak irabazteari, alegia), gure helburua iraupena izan da (denboran irautea).

Baina, jarraidurarekin batera, irekidura ere ezinbestekoa dugu herri moduan bizirik segitu nahi badugu. Hau da, jarraidura zaindu egin behar dugu, baina ateak zabalik izan behar ditugu historiak dakartzan berrikuntzen eta aldaketen aurrean. Bertsolaritzaren kasuan, adibidez, tradizioa zaindu da, baina berrikuntzei ateak itxi gabe (bestela, oraindik ere, sagardotegietan bakarrik kantatuko litzateke).
Jonen esanetan, jarraidura eta irekiduraren arteko oreka da Euskal Herria honaino ekarri duena, eta, aurrerantzean ere, honek mantenduko gaitu.

Kulturgintza:
Garrantzia handia eman zion Jonek euskal kulturgintzari; euskaratik sortzen den produkzio artistikoari. Sarasuaren esanetan, sormena eta ospakuntza dira euskaldunon bizinahiak behar duen erregaia edo gasolina; honek ematen digun autokonfidantza oso garrantzitsua da. Euskalgintzak, bere esanetan, koste bat dauka, nekea dakar berarekin, eta hau elikatu egin behar da.

Gure seme-alabek euskaldunak izateko arrazoiak beharko dituzte”. Jonen esanetan, gure seme-alabek hamaika aukera izango dituzte euskaratik aparte, eta euskara aukeratzeko arrazoiak beharko dituzte (bestela beste hizkuntza batera pasako dira); euskarak beste hizkuntzek ematen ez dien zerbait eskaini beharko die. Euskaraz bizi duten hori, beste hizkuntza batean ezingo dutela bizi sentitu beharko dute, euskararen aldeko hautua egiteko.

Bizi garen mundu handiaren baitan, izango al gara euskaldunok gure mundu txiki propioa sortzeko gauza? Jonen esanetan, ez diogu hainbeste garrantzia eman behar kantitateari edo kopuruari. Ez da hain garrantzitsua zenbat gaztek diharduen D ereduan ikasten jakitea. Hau garrantzitsua izanik, gure gazteek euskaraz gozatzen, sufritzen edo sortzen duten ala ez ikusi behar dugu. Zenbat baino, nolakoak da benetan inportantea.      

Kulturartekotasuna:
Gaia aitatu egin zigun Jonek, besteak beste, gizartean oso modan dagoen berba delako, baina gainetik pasako zela esan zigun. Kontzeptu honekin oso tentuz ibili behar garela esan zigun, baina ur sakonetan sartzeko astirik ez geneukanez, hurrengo berbara salto egin zuen.

Hegemonia:
Behar bada, hitzaldiko une gorenera iritsi ginen berba honekin batera. Gorenera eta zailenera. Oso gutxi aipatzen den terminoa da hegemonia, baina, gustatu ala ez, ekidin ezin dugun berba da. Izan ere, euskara biziko bada, espazio edo gune hegemonikoak behar ditu; euskara nagusi den guneak, hain zuzen ere (nahiz eta espazio hau gaztelaniarekin edo beste hizkuntza batekin konpartitu). Honen adibide moduan jarri zuen berak lanean diharduen UHEZI unibertsitatea. Eta puntu honetara iritsi ginenean, Jonek argi laga nahi izan zigun ez dagoela elebitasun orekaturik. Ez dago egunkari elebidunik; ez dago unibertsitate elebidunik; ez dago telebista elebidunik. Hauetan denetan gaztelania nagusitu egiten da.
Eta euskarak espazio eta lurralde hegemonikoak behar baditu, zein da gaur egungo egoera? Ametsaren eta errealitatearen artean tarte handia dagoela aitortu zigun Jonek; Euskal Herrian Euskaraz ametsaren eta errealitatearen artean eten handiegia dagoela. Nahi dugunaren eta lortu dugunaren artean zulo handia dago, zoritxarrez, eta ametsak errealitatera hurreratzeko zubi berriak eraiki behar ditugu.    

Egoera honen aurrean, hiru aukera posible ikusten ditu Jonek:
  1. Lurralde hegemonikorik gabeko sare izaten jakin behar dugu: Minoria edo gutxiengoa gara eta, gero ere, minoria izango gara. Ondorioz, minoria moduan bizitzen ikasi behar dugu. Euskal Herrian baskoak izango dira nagusi, eta haiek egongo dira erdigunean. Euskaldunok, berriz, gero eta gutxiago izango gara, eta gizarteko periferian egongo gara. 
  2. Lurralde hegemonikoaren debatea sartu egin behar dugu etorkizunean: Botere politikoa lortzea da klabea gure etorkizunerako. Hau lortzen ez dugun bitartean jai daukagu. Jonen esanetan, gaur egun ezinezkoa da irtenbide hau; politikoki ezin da planteatu. Orduan, zer irtenbide daukagu? Jonen arabera, belaunaldi berri bat prestatzea da irtenbidea; euskaltasunean sinisten duen jendea prestatu behar dugu. Badaki epe luzerako soluzioa dela, eta epe motzera lan egitera ohituta gaudela, baina ez dauka epe motzerako soluziorik.
  3. Gune hegemonikoak sortu eta zabaldu behar ditugu: Euskaraz bizitzeko eta euskaraz sortzeko balio diguten gune hegemonikoak behar ditugu. Eta aukera honetan, auto-eraketa da hitz klabea. Izan ere, guk egin behar dugu; guk egiten ez badugu, ez digu inork ere egingo (ez Jaurlaritzak eta ez kapitalak). Auto-eraketaren beharra zer arlotan ikusten duen ere esan zigun:
  •    a. Hezkuntzan: Euskal Herriko Unibertsitatearen lekuan, Euskal Unibertsitatea behar dugula azpimarratu zuen Jonek. Bere esanetan, hau kooperatibaren mundutik etorriko da.
  •    b. Hedabideetan: Badago zerbait (BERRIA, Argia ...), baina asko dago egiteko. Jonen esanetan, produktu txikiak egin behar ditugu.
  •   c. Kulturgintzan: Sortzaileak behar ditugu, besteek zer egiten duten begira egon gabe. Honek emango digun autokonfidantza eta satisfazioa oinarrizkoak dira.
Jonek, orain arte, lehen eta hirugarren aukeretan eragin du, batez ere. Izan ere, badaki bigarren aukerak banatu egiten gaituela. Baina, hala ere, bere ustez, botere publikoak babestu egin beharko lituzke hizkuntza bati dagozkion esparru hegemonikoak; euskarari dagozkion esparru hegemonikoak, gure kasuan.
                            ***

65 lagun inguru arrimatu ziren Kultur Etxera Jon Sarasua ikusi eta entzuteko

Hegemoniaren gaineko azalpenekin amaitu zuen Jon Sarasuak bere hitzaldia. Ondoren,  galdera-erantzunen txanda ireki genuen, eta jendeak gustura jardun zuen galderak luzatu eta iritziak ematen. Bateren batek, koadro beltza margotu zuela ere esan zion. Jonek, berriz, kezkatuta egoteko arrazoi asko daudela erantzun zion; bera ez dela ezkorra, baina errealitatea beltza dela, eta horregatik irten zitzaiola koadro iluna. Hala ere, orain arte moduan, aurrera egiteko indarra izan behar dugula esan zigun.

Etxerako bidea hartu aurretik, Jon Sarasua bertsotan berriz ere noiz ikusiko genuen galdetu genion, baina, hau ere, erantzun argirik gabe geratu zen, ilunpean. Bueltatzen denean, Elgoibarrera gonbidatuko dugula esanez agurtu genuen txalo artean Jon.

Hitzaldi osoa ikusi nahi duenarentzat, Aitor Lauzirikak grabatutako bideoa daukagu:
BIDEOA:
{vimeo}7444598{/vimeo}