Asteburuan Euskal Herria astindu duen denboraleak giro ezatsegina eta irudi ikusgarriak bai, baina kalte nabarmenik ez du laga Elgoibarren. Udaltzaingoko arduradunek jakinarazitakoaren arabera, “urtia inguruan lur-jauzi txiki bat gorabehera, ez dago aipatzeko beste ezer". Dagoeneko konpondu dituzte luiziak eragindako kalteak.
Deba ibaiko uren mailak gora egiten zuela ikusita, Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorriaren hasieran arriskuaz ohartarazten duen ohar bat jarri zuten atzo udaltzainek. Herrizaingo Sailak ere uholdeei aurre egiteko Plana abiatu zuen, badaezpada. Indarrean laga du Plana, baina eguraldi iragarpenak betetzen badira ez da arazo gehiagorik espero.
Elgoibartarrok ohituta gaude Deba ibaiak urtean izaten dituen bizpahiru ur-goraldietara (ikusi 2009ko urtarrilekoa edo 2007ko martxokoa). Hala izanik ere, erne egotea komeni da. Ibaian piska bat gorago, Eibarko Matsaria industrigunean, esaterako, susto ederra hartu zuten atzo, ura dezente igo zela ikusita.
•Argazkiak: (*Mila esker Joseba Azkuneri bidali dizkigun argazkiengatik)