Bertso-ikuskizuna: “Mende baten aldarria”

elgoibarren.net 2009ko aza. 11a, 08:29

Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak, herritar batzuekin batera, Gotzon Garate zenaren omenez prestatu duten programarekin amaitzeko, bertso-ikuskizun bat izango dugu gaur (eguaztena). Xabier Amuriza eta Jon Maia bertsolariak etorriko dira gurera, eta, bien artean,  XX. mendearen errepaso soziopolitikoa egingo dute bertsotan. Sarrera doan izango da.


1706640048380 Bertso-ikuskizuna: “Mende baten aldarria”

Ahozko literaturaren altxorra jendearen belarrietara heltzea da ikuskizun honen asmoa. Kantatzeko ez ezik, historia kontatzeko ere balio dute bertsoek. Asmo honekin, XX. mendeko giro politiko eta soziala (gerrateak, gosetea, emigrazioa, frankismoa ...) deskribatzen duten aleak aukeratu dituzte Xabier Amuriza eta Jon Maia bertsolariek ekitaldi honetarako.

Hautatutako bertsoak honakoenak dira: Anonimoak, Agirre, Alkain, Arrese-Beitia, Azpillaga, Basarri, Elizanburu, Enbeitia Kepa, Etxahun Iruriko, Etxeita, Lazkao Txiki, Lopategi, Markano, Otaño, Otxalde, Iturzaeta, Txirrita, Uztapide, Xalbador eta Yanzi. 
  • “Mende baten aldarria” bertso-ikuskizuna Inazio Bereziartua Musika Eskolako auditorioan izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita. 
Esan bezala, Gotzon Garateren omenez Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak prestatu duten programako azken jarduera izango da gaurkoa. Orain arteko jarduera guztiek aparteko harrera izan dutela aitatu digute antolatzaileek, eta nahiko lukete azken ekitaldian ere jendeak orain arte moduan erantzutea.