Oraindik egin gabe dagoen arren, delako paseo horrek, alderik alde zeharkatuko du Eibar, Azitainetik Amañaraino; eta, trenbidearen gainean eraikiko dute, trenbide sarea zaharberritzeko egiten diharduten obrak aprobetxatuz. Amaña auzoan dagoeneko egina dago trenbide gaineko pasealekuaren zati bat. Bide hori eredutzat hartu eta Azitaineraino luzatzea da agintarien asmoa.
Diario Vasco egunkarian argitaratu duten informazioaren arabera, Amaña eta Ardanzako trenbide zatia estaltzeko proiektua abiarazi du Eusko Jaurlaritzak. Estalpe horren gainean eraikiko dute Eibar alderik alde batuko duen paseoa eta, paseo hori izan daiteke Elgoibar eta Maltzagako bidegorria Eibarreraino luzatzeko giltza. Eibarko Udala eta Diputazioko arduradunak dagoeneko batu dira azken aukera hori egi bihurtzeko dauden aukerak aztertzeko.
•Epe zehatzik gabe
Dena dela, Elgoibar eta Eibar bidegorriekin lotzeko asmoak bide luzea dauka aurretik. Oraingoz, Diputazioak proiektua idazteko lehiaketa abiarazi du. Dokumentu horrek egin beharreko lanen nondik norakoak eta aurrekontua zehaztuko ditu. Maltzagako bidegurutzea nola gainditu izango da bidegorria Eibarreraino luzatzeko gainditu beharreko oztopo nagusia. Izan ere, Deba ibaia, trenbidea eta errepideak gainditu behar ditu toki korapilotsu horretan bidegorriak. Bertatik Azitaineraino geratzen den kilometro inguruko zatia ere korapilotsua da. Leku estua da eta bidegorriak ibaia, errepidea, trenbidea eta bidean dauden tailerrekin partekatu behar du libre dagoen lur apurra. Gainditu beharreko azken oztopoa Azitaingo errotonda da.
•Bideo honetan: Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorriaren inaugurazioa (gipuzkoa.tv)