Elgoibartarren arteko bizikidetza “ona” dela uste du herritarren %72k

elgoibarren.net 2009ko aza. 11a, 14:27

 
Elgoibartarron arteko bizikidetza neurtu du Gizagune Fundazioak kale-inkesta eta eztabaida guneen bitartez. Diagnosiaren arabera, elgoibartarren %72,8k bizikidetza “ona” dela uste du, %14,1k “hobetzeko modukoa” eta %9k “oso ona”. Zapatu arratsaldetan sortzen diren arazoak (alkohol kontsumoa, zarata, zikinkeria, ganberrokeriak…) eta inmigrazioa dira elgoibartarren kezka iturri nagusiak. Hala ere, elgoibartarrok bizi-kalitate ona dugun pertzepzioa nagusi da. Ados al zaudete?



Diagnosiaren aurkezpena azaroaren 19an
Nola baloratzen duzu Elgoibarko bizikidetza? Zer hobetu daiteke? Nola konponduko zenituzke gabezia nagusiak? Udalaren ardura al da bizikidetza arazoen ondorioak konpontzea? Hauek eta antzerako beste hainbat galdera erantzun dituzte, kalean egindako inkesten bidez, 380 elgoibartarrek. Erantzun horiekin eta foro edo eztabaida gune ezberdinetan ateratako informazioaren osatu du Gizagune fundazioak Elgoibarko bizikidetzaren diagnosia. Inkesten bitartez parte hartu duten herritarrez gain, baina, alor politikoan lanean diharduten 13 laguni egindako elkarrizketa sakonetatik eta, foro edo eztabaida guneetatik, atera dute Gizagunekoek diagnosia osatzeko informazioa. Foroetan 72 lagunek parte hartu dute guztira, sektoreka banatuta.
  • Diagnosiaren xehetasun guztiak azaroaren 19an azalduko dituzte Kultur Etxean (18:30). “Inkestan parte hartu eta izen-abizenak eman zituzten 100 lagun ingururi gonbidapenak bidaliko dizkiegu baina edonor joan daiteke” azaldu du Maria Eugenia Ramos, Gizagune Fundazioko arduradunak. Diagnosia herritarrei azaldu ondoren, urtea amaitu baino lehen, akzio plana idaztea izango da ikerketa osatzeko emango duten hurrengo pausoa.
 
Bizi-kalitatea eta indibidualismoa
 Bizi-kalitate handia dagoela Elgoibarren aitortzen dute ikerketan parte hartu duten herritarrek, eta, aldi berean berekoikeria edo indibidualismoa nagusitzen dela uste dute askok. Alegia, herri guztia batzeko gai diren ekintza edo momentuak faltan botatzen dituzte. Maria Eugenia Ramosen ustez horrelako jarrerak ohikoak dira bizi-kalitate altuak dauden tokietan. “Ez dago elkarrekin borroka egiteko arrazoirik, beraz, nireaz arduratuko naiz eta kitto!”. Bizi dugun sasoiko "gaitz bat" gehiago dela dio Ramosek
Zapatu arratsaldeak eta inmigrazioa

1706640047736 Elgoibartarren arteko bizikidetza “ona” dela uste du herritarren %72k

 Elgoibartarren bizikidetzan arazo edo eragin gehien duten faktoreak ere xehatu zituen Ramosek. “Zapatu arratsaldeetan sortzen diren arazoak aipatu dituzte gehienek: gazteek sortutako zaratak, zikinkeria, hiri-altzarien apurketak, e.a. Bestetik, inmigrazioa ere aipatzen dute. Etorkinek, baliabide gutxikoek, batez ere, bizikidetzan eragin eta euskal ohituren biziraupena arriskuan jarrriko duten beldur dira zenbait elgoibartar. Aisialdirako ekipamendu falta eta aparkaleku gabezia ere nabarmendu dituzte beste hainbatek”.
 
Lotura duten albisteak: