Eibarko Asola Berriko bolatokian jokatu zen zapatuan (azaroak 8) Euskadiko XX. Hiru Txirlo Txapelketako azken jardunaldia. Bertan, 57 bolarik parte hartu zuten eta Asola Berri taldeko Jose Luis Rodriguez izan zen irabazlea, zazpi txirlo botata. Txirlo kopuru bera bota arren, San Migel taldeko Xabier Loiola sailkatu zen bigarren postuan. Bietako inork ez zuen, ordea, Euskadiko Txapelketako sailkapen nagusia irabazteko aukerarik. Agustin Irustak bai. Aurreko hiru jardunaldietan eginiko lan onari esker, hiru txirloko aldearekin iritsi zen Irusta azken jardunaldira. Alde polita izan arren, majo sufritu behar izan zuen garaipena eskuratzeko. Asola Berriko saioan hiru txirlo gehiago bota zituen eta 17 txirlo edo punturekin geratu zen sailkapen nagusian. Nahikoa izan ziren.
Otsua akorduan
Juan Luis Antxustegi eta Jabier Osoro elgoibartarra sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren, biak 16 txirlorekin. Taldeka, berriz, San Migel A taldeak eskuratu du Euskadiko txapela.
Joan den udan zendu zen Inazio Kortaberria Otsuari eskaini zion Irustak lortutako txapela, bolo jokoa sustatzeko hark egin zuen lanaren eskerretan.
Joan den udan zendu zen Inazio Kortaberria Otsuari eskaini zion Irustak lortutako txapela, bolo jokoa sustatzeko hark egin zuen lanaren eskerretan.