Mende baten aldarria

Elgoibarko Izarra 2009ko aza. 12a, 15:01

XX. mendearen errepaso txiki bat egin zuten, atzo, Xabier Amuriza eta Jon Maia bertsolariek Musika Eskolako auditorioan.

1706640046339 Mende baten aldarria

 
  60 lagun ingururen aurrean, besteak beste, Basarri, Txirrita, Azpillaga, Lazkao Txiki, Xalbador edo Uztapideren bertsoak kanta zituzten. Gaiak, berriz, asko eta diferenteak izan ziren: Gernikako bonbaketa, gerra, gosetea, Franco, Sigma josteko makina, Guardia Zibila, Euskal Herria ...
 Adibide moduan, Otañok Ameriketatik Euskal Herriari herri-minez kantatutako bertsoak ekarri ditugu hona. Amurizak esan zigun moduan, bigarren ahapaldia bertsolaritzak sortu duen alerik ziragarrienetakoa da:

Lehenago hainbat aintzat ez ginuzen gauza guziak
hainbesteraino edertzen ditu orain ez ikusiak.
Euskal Herriko mendi ta zelai, ibai, harkaitz ta sasiak
behinere ezin ahaztu litzake haien artian haziak.

Urruti zaude eta zaila da ni zugana iristia;
honenbeste nahi dizun batentzat, zer bizimodu tristia!
Alaipide bat bakarra daukat: ametsetan sinistia;
zu ikusteko noiznahi asko det nire begiak ixtia. 


Amuriza (ezk.) eta Maia Musika Eskolako auditorioan.

Amaieran, berriz, bertso egarriz geundelako edo, bat-batean jarduteko gai bana eman genien bi bertsolariei.  Xabierri jarritako gaia “alaba” izan zen; Maiak, berriz, “finala” berbaren gainean bota zituen hiru bertsoak.
 Segidan daukazuen 20 minutuko bideoan, Iñaki Alkainek eta Amezketako artzainak kantatutako Frentetik frentera bertsoak dauzkagu hasieran; eta hauen segidan, Amurizak eta Maiak bat-batean kantatutako sei bertsoak entzun ditzakezue.
 Bestalde, atzoko bertso emanaldia Jesus Mari Makazaga lagunari eskaini genion Elgoibarko Izarrak eta Udaleko Euskara Sailak. Goizean emaztea hil zitzaion, eta antolatzaileok bat egin nahi izan genuen Makazagaren saminarekin. 

 Hau izan da Gotzon Garateri eskainitako omenaldiko programaren azken alea. Urriaren 8an ekin genion haren omenezko programari, eta hilabete pasa eman dugu 2008ko urrian gure artetik joan zen euskaltzale eta idazle elgoibartarraren izena eta izana goratzen. Amaitzera goaz, baina, alde egin aurretik, eskerrik zintzoenak eman nahi dizkizuegu, bene-benetan, Gotzonen omenaldian parte hartu duzuen guztioi: bai antolakuntzan lagundu duzuenoi, eta baita Gotzonen omenez antolatu ditugun jardueretara azaldu zaretenoi ere. Aurtengoak amaitu dira, baina, okerrik ezean, datorren urteko urrian ere izango dugu zerbait berezirik Elgoibarren.
BIDEOA: {vimeo}7563182{/vimeo}   
Bideoa Aitor Lauzirikak grabatu eta editatu du.