Alkortako igoera jokatuko da bihar Mendaron

elgoibarren.net 2009ko aza. 20a, 09:53

 
Alkortara arteko 4,7kilometro inguruko aldapa pikoetan neurtuko dituzte indarrak, zapatuan (azaroak 20), Alkortako 4. Igoeran parte hartuko duten antxintxikariek. Goizeko 10:30ean irtengo dira Mendaroko Herriko Enparantzatik.

 


Korrikalarien hilabetea

 Antxintxikazaleen hilabetea da, dudarik gabe, azaroa. Hilabete honetan jokatu dira Behobia-Donostia ospetsua (azaroak 8) , Karakateko Igoera (azaroak 14), Alkortako Igoera (azaroak 20) eta Donostiako Maratoia (azaroak 29). Poker ederra denak eginez gero!

Jon Larrañaga izan zen iaz lehen mendaroarra.

  Alkortako igoerara Karakateko igoera jokatzetik etorriko dira lasterkari asko ziurrenik, eta, tartean, Alkortari neurria hartutakoak ere izango dira. Joseba Plaza markinarra izan daiteke horietako bat; azken egunetan Alkortan gora eta behera ikusi dute markinarra Mendaro aldean. Plazak berak irabazi zuen iaz Alkortako Igoera eta, gainera, marka berria (20:43:00) ezarri zuen. Joan den asteburuan Karakateko Igoeran ere parte hartu zuen markinarrak eta hirugarren postuan sailkatu zen (bere blogean idatzita laga ditu Plazak Karakateko aldapetan bizitakoak eta baita igoerari buruz duen iritzia ere).
 

2008ko parte hartzaileak irteeran.

Izena ematea eta sariak
 Izen-emateak plazan egingo dira, bi eurotan, lasterketa hasi baino ordu erdi aurretik. Hiru sari banatuko dira. Irabazlearentzat txapela eta garaikurra izango dira, eta ondorengo bientzat garaikur bana. Ondoren, lasterketa ostean, salda eta txorizoa banatuko dituzte, Alkortan. Ezker abertzaleak antolatzen du proba hau, euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapen gisa.