Zortzi lan aurkeztu dira Juan Mugerza Krosaren I. kartel lehiaketara eta, “Ibilbidea” izenekoak irabazi du lehen saria (300 euro). Egileak, diseinu grafikoaren munduan lan egiten duen Olatz Oñederra elgoibartarrak, “korrikalariak, helmuga eta ibilbidea” irudikatu eta uztartu nahi izan ditu bere lanean. Kartelean nagusi den kolore marroiarekin, berriz, krosa Leruneko inguruetan egiten zeneko sasoietaz akorduan daukan lokatza irudikatu nahi izan du.
Oñederrak berak sari banaketa ekitaldian aitortu zuenez, ez dauka lehiaketetan parte hartzeko ohitura handirik. “Orain urte batzuk Badihardugu, Deba Ibarreko Euskara Elkarteak antolatutako logotipo lehiaketan parte hartu eta irabazi egin nuen, baina ez daukat horrelakoetan parte hartzeko ohiturarik”. Oraingoan, Mugerza kroserako kartela prestatzen hasi zen eta, lanaren emaitzarekin gustura geratu zenez, aurkeztea erabaki zuen.